Ehunaren alde funtzionala eta artistikoa lantzen ditu Mireia Segura artistak (Zarautz, Gipuzkoa, 1968). Biek betetzen dute, baina «askatasun gehiago» sentitzen du artea egiteko erabiltzen duenean. Ehuna berrerabiltzea baino gehiago, transformatzea gustatzen zaiola dio. Horren guztiaren emaitza, Haria galtzen erakusketarako egin duen artelana. Bertan, sumendi bat irudikatu du, eta, horretarako, besteak beste, bere seme-alaben haurdunaldian erabili zuen jertse baten zatiak erabili ditu. Erakusketa abenduaren 11ra arte dago Donostiako Kristinaenea parkeko Ingurumen Baliabideen etxean.
Haria galtzen da erakusketaren izena. Zuk, ordea, ez duzu galdu amaren haria.
Halaxe da. Duela hamar bat urte hasi nintzen ehungailuan ehuntzen, autodidakta moduan. Orain, jostun batekin ikasten ari naiz, teknika fintzea beharrezkoa delako. Baina niretzat ez zen mundu ezezaguna. Etxean, amak asko josten zuen, eta arropa berrerabili egiten zen: anai-arreba batetik bestera pasatzen genuen, eta konpondu egiten genuen. Amak, gainera, gorde egiten zituen jada erabiltzen ez genuen arroparen botoiak eta kremailera, beste batzuei jartzeko. Gainera, kristalak garbitzeko, arropa zati zaharrak erabiltzen zituen.
Kasu honetan, obra bat egin duzu. Ehunarekin artea egin daiteke?
Erakusketa ikustea besterik ez dago. Hemen pieza batzuk daude erabat funtzionalak direnak, baina beste batzuk, artistikoak. Hori da erakusketan bildu garen artisten helburua: erakustea ehunarekin eta zuntz begetalarekin artea egin daitekeela. Eskuekin egin ditugu hemen ikusgai jarri ditugun lanak, baina ez dira eskulanak: artea dira, adierazteko modu bat. Poza, tristura, ilusioa... edozein sentipen azal daiteke ehunarekin.
Sumendi bat egin duzu. Suak, ordea, ehuna erratzen du. Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?
Nahiago dut erakusketa ikustera datozenek esatea hori. Aspalditik nuen buruan sumendi bat egitea. Otsailean Nikaraguan egon ginen. Han sumendi asko dago. Aterki bateko ehunarekin eta nire bi haurdunaldietako jertse baten ehunarekin egin dut, besteak beste. Etxeko arropa zaharrak dira erabili ditudan gehienak.
Eta egurra, zergatik?
Niretzat, egurra lurraren adierazle da. Indar handia duen material bat da. Zerbait indartsua egin nahi izan dut, eta sumendi batek horixe du lehertzen denean: indarra.