Kirol eskolak indarra hartzen ari ziren, eta eskola kirola, berriz, ahultzen». Horren harira sortu zuten Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma (EKAP) duela hiru urte. Orain arteko ibilian hainbat pauso eman dituzte, eskola kirola sustatzeko. Webgunea eta sakelako telefonoetarako aplikazioa sortu zituzten, eskola kiroleko begiraleei lanak errazteko hainbat ariketa eskura jarriz. Horrez gain, ikastaro edota formazio saio batzuk egin izan dituzte eskoletan, baita gurasoentzat eta LH 3 mailakoentzat hitzaldiak eman ere, eskola kirola zer den eta zein balio dituen azalduz. Orain, kirol jardunaldietan gurasoek izaten duten «jarrera desegokia» agerian uzten duen ikus-entzunezko bat egin dute.
EKAPeko kide Nagore Martinezek dio partidetan ematen diren jarrerak ez direla berez izan beharko luketeenak. «Egoera lasai batean eta gustura ibili beharrean, presio egoerak sortzen dira. Gaizki pasarazten zaie haurrei». Urteetan eztabaida sortu duen gaia da gurasoen jarrerena, eta oraindik gainditzeke dagoela uste du plataformako kideak. «Gurasoak emozionalki inplikatzen dira, eta askotan borondate txarrik gabe egiten dute, baina guri iruditzen zaigu egokiagoa dela haurrari lasaitasuna transmititzea», adierazi du EKAPeko kide Manu Urbietak.
Partidetako «zalaparta»
Ikus-entzunezkoa Zarauzko Udalaren laguntzarekin sortu dute, EKAPen webgunea eta aplikazioa sortzerakoan bezala. Zarauzko ikastetxe guztietara zabaldu dute, eta gurasoei jarri diete eskola kiroleko aurkezpen saioak egin dituztenean. Bideoa Debolex ekoizpen etxearekin egin dute, eta bertan ikusten dena ez da fikzioa: benetan jokatutako partidetan jasotako audioa entzun daiteke.
Partida askotan «bulla eta zalaparta handia» sortzen da, eta hori bideoko hasierako zatian islatu dute. Bigarren zatian, aldiz, eskola kirolak bultzatzen dituen balioak eta jokabideak azaltzen dira. «Entrenatzaileak eta gurasoak uneoro ari dira gidatzen eta zer egin behar duen esaten haurrari. Eta haurrak gehiago gozatzen du naturalki jolasa deskukritzen duenean», aditzera eman du Urbietak.
Era berean, epaileak ere gaztetxoak izaten dira, eta EKAPeko kideen ustez, «erraza da gaztetxo horiekin sartzea eta haiengan presioa sortzea». Horrez gain, «oriotarrak, getariarrak, aiarrak eta zarauztarrak elkarren aurka jokatzen dute... Beraz, eskola kirolak badu kutsu lehiakor hori, eta plataformatik iruditzen zaigu tokiz kanpo dagoela».
Mezua bideo bidez helaraztea erabaki dute, sare sozialetan erraz zabaltzeko aukera ematen duelako, eta kartelak edota eskuorriak banatzea baino «eraginkorragoa» delako. Bideoarekin jendearen jarrera zalantzan jarri nahi dute. Martinezen arabera, «talde bateko bi gurasok ikusiko balute, agian zaintzen dute besteen jarrera edo saiatzen dira mezua gainerakoen artean zabaltzen».
Eskola kirola modu ludikoan eta parte-hartzaileago batean ulertzen du Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak: «Haurren garapena sustatuko duen eskola kirola». Haurren garapena «oraindik eta aberatsagoa» izateko, «presiorik ez egotea eta lasai jokatzea ezinbestekoa da».
Gipuzkoan erreferente izan da Zarautz eskola kirolean, eta «altxor hori babesteko» nahia erakutsi dute plataformako kideek. «Luxu bat da horrelako kultura bat edukitzea gure herrian, baina babestuk esan nahi du sustatu egin behar dela», azaldu du Martinezek. Pauso batzuk eman dira azken urteetan: esaterako, Urola Kostako Eskola Kiroleko Mahaiak abian jarritako Multikirol Ligaxka, beste kirol batzuk bultzatzeko egitasmoa.
«Hutsunea»
EKAPek garrantzitsutzat jotzen du 12 eta 16 urte bitarteko gazteei beste eredu eta aukera batzuk eskaintzea, kirol federatutik kanpo. Adin tarte horretan «hutsune bat» detektatu dute; hau da, oraindik eskola kirolean aritzeko adina izanagatik, apenas dago eskaintzarik eta kirola uztea gertatzen da. Hori saihesteko eta gazte horien beharrak asetzeko, EKAP Altxa elkartearekin elkarlanean aritu zen eta elkartea Altxa gazte programa eskaintzen aritu da azken bi urtetan.
Martinezen hitzetan, «adin tarte horretan jarduera fisikoa edo kirola egiteari uzteak ohitura sedentarioak ekar ditzake, edo berriro ekite hori zailagoa izatea. Adin tarte hori zaindu egin behar dugu, eta saiatu behar dugu federatuta ez dagoen jende horiei espazio bat sortzen, aisi osasuntsu bat sustatzeko».
Bestalde, Zarautzen Kirol Mahai bat sortzeko ahaleginak izan direla adierazi dute plataformako kideek, eta mahai hori beharrezkoa dela uste dute, kirolean dabiltzan herriko eragileak elkarrekin zein norabide hartu beharko litzateken zehazteko.