Bost garaipen jarraian irabazi eta gero, Aialaren bolada ona eten zuen Usurbilek larunbatean. Martin Larrañagak gidatzen duen taldeak ezin izan zuen usurbildarren aurka, nahiz eta lehen minutuetan aurretik jarri ziren. Lehen zatiko lehen ordu laurdenetk aurrera, ordea, Usurbil aurretik jarri zen, eta zarauztarrak aldeak murrizten saiatu baziren ere, aurkariek ongi eutsi zioten. Azkenean, 19-22koarekin nagusitu ziren. Ondorioz, Usurbil sailkapeneko lehen postuan kokatu da, Aiala bigarrenera jaitsiz.
Teucrok ez zuen barkatu, eta Amenabar hartu zuen mendean 20-29koarekin. Hasieratik jokoaren jabe egin ziren galiziarrak, eta uneoro aurretik joan ziren markagailuan, zarauztarrei aukera handirik utzi gabe.
Asteburuan Tenerifera bidaiatuko du Aialak; larunbatean lehiatuko da azken sailkatuaren aurka, 20:00etan. Amenabarrek, berriz, Covadonga taldearen aurka neurtuko ditu indarrak; partida Xixonen izango da, larunbatean, 18:00etan.