“Landa eremu bizia” islatzen duen webgune berritua aurkeztu du Urkomek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 24a

Aiako alkate Nekane Arrizabalaga, Urkomeko lehendakari Ana Eizagirre eta elkarteko kudeatzaile Yurre Peñagarikano webgune berrituaren aurkezpenean. (Aiora Larrañaga)

"Webgune txukun bat izateak lehen sektoreari aukera asko irekiko” dizkiola iritzi diote.

Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak webgune berritua aurkeztu du gaur Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Iurre Peñagarikano elkarteko kudeatzailearen iritziz, “gaur egun sarean egotea ezinbestekoa da”, 2015ean esaterako 116.000 bisitari izan zituen Urkomeren webguneak. Datuetan oinarrituta, “webgune txukun bat izateak lehen sektoreari aukera asko irekiko” dizkiola uste dute. “Horregatik erabaki dugu webgunea egokitzea eta eguneratzea”.

Webgune berrituak “landa eremu bizi baten islada izan nahi du, Urkometik orain arte bezala landa eremuan bizi diren herritarrei zerbitzua eskainiz jarraitu nahi baitugu” berretsi zuen Peñagarikanok.

Berrikuntzei dagokienean diseinuari garrantzi handia eman dio Urkomek webgune berrian, eta eskualdean lehen sektorean lan egiten duten herritarren irudiak nabarmendu dituzte; “landa eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonak balorean jarri nahi ditugu, lan eremu bizi bat dela islatu nahi dugu horrela” azaldu zuen Peñagarikanok. Irudi bakoitzarekin elkartearen filosofia deskribatzen duten leloak zabaldu dituzte: “Landa eremuarekiko konpromisoa”, “landa eremu bizia eta dinamikoa” edo “zure zerbitzua gaude” moduko mezuak.

Urkome Elkarteak eskerrak eman dizkie beren irudia jartzea baimendu duten baserritarrei.

 

Hitzaldia eta erakusketa

Webgune erabilterraza eta ulertarraza izan dadin ahalegin handia egin du elkarteak. “Erabiltzaileen ikuspegitik egindako webgunea da. Gaur egun, webgunean sartzen direnak batez ere mugikorretatik eta tabletetatik sartzen dira. Hori kontutan hartuta, nabigazioa errazten saiatu gara”.

Edukiari dagokionean lehen zituzten edukiak mantendu dituzte, eta beste batzuk gehitu. Horretarako erabiltzaileengandik jasotako eskariak eta iradokizunak kontutan hartu dituzte. Ildo horretan, Ekoizleen On Line gidari indarra eman diote, “hori baita Urkomeren webgunean orain arte gehien kontsultatzen den atala”.

 

Sare sozialak

Elkartearen eguneroko martxa azaltzeko sare sozialak bide aproposa direla uste dute Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteko arduradunek, eta orain arte zituzten Facebook eta Twiter kontuez gain, Youtubeko sarrera txertatu dute webgunean. “Irudiak eta ikus-entzunezkoak gero eta garrantzitsuagoak dira herritarrengana iristeko. Euskarri horrek eskaintzen duen gertutasuna aprobetxatu nahi izan dugu, lehen sektorearen ikuspegi berria indartu eta eguneratzeko”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide