Etenaldirik ez duen abestia

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urriaren 19a

Jaione Eskudero eta Xabier Etxabe, liburua eskuetan dutela.

Zarautz Abesbatzaren orain arteko ibilbidea jaso du Xabier Etxabek  ‘Zarautz Abesbatzak 30 urte. 1983-2013’ lanean. Villa Mundan, Sanz Enean eta Turismo Bulegoan daude salgai

Musika alorrean «hutsune nabarmena» zegoela-eta, 1983an sortu zuten Zarautz Abesbatza Inaxio Lertxundi orduko Kultura zinegotziak eta Joakin Iruretagoiena zuzendari ohiak, Musika Bandarekin batera. Erronka izan zen behar hori asetzea; izan ere, diktadura amaituta, «dena egiteko» zegoen. 33 urte pasatu dira ordutik, eta oraingoan, Xabier Etxaberi egokitu zaio Zarautz Abesbatzaren hiru hamarkadetako ibilbidea, 1983-2013 urte bitartekoa, jasotzeko erronka. Zarautz Abesbatzak 30 urte  liburua da horren emaitza, eta ostiralean aurkeztu zuten, Zarautz Txiki abesbatzaren 30. urteurreneko ekitaldian.

Orain urte batzuk Zarautz Abesbatzako batzordekideekin bildu zen Etxabe, eta dokumentazio lan ederra egina zutela ikusi zuen: batetik, argazki artxibo zabala zuten, eta bestetik, Joxe Manuel Egaña eta Carmen Sanchez abesbatzan partaide izandakoek euren bizipenekin kontakizun bat ere egina zuten. Hori hartu zuen Etxabek abiapuntu gisa. Eta hori guztia aztertu ondoren, elkarrizketak egiten hasi zen. «Jende askorekin izan nintzen, Iruretagoienarekin, Lertxundirekin,  Jaione Eskuderorekin....Benetan aberasgarria egin zait bizipen horiek guztiak ezagutzea».

Eskudero hasiera-hasieratik izan da Zarautz Abesbatzako kidea. Txikitan hasi zen bertan abesten, soprano gisa, eta egun jarraitzen du, orain zuzendari gisa. Bera bezala, badira etenik gabe abesbatzan kantatzen jarraitzen dutenak. Lau dira, esaterako, Zarautz Txikin hasi eta Zarautz Abesbatzan jarraitzen dutenak. Beste batzuk utzi eta berriz itzuli dira, haren arabera, «ezin dutelako kantatu gabe egon». «Beti izango dituzte Zarautz Abesbatzako ateak irekita, badakite».

1996ko urtarrilean hartu zuen Eskuderok Iruretagoienaren lekukoa, eta ordutik zuzentzen ditu abesbatzak. «Urteak konturatu gabe pasatzen dira. Oso gustura gaude». Bizipenak, «pila bat» ditu berak ere.

Askotariko bidaiak

Formakuntza eskaintzeaz gain, ikasitakoa Euskal Herritik kanpo ere ezagutarazi dute Zarautz Abesbatzako kideek. Lehiaketetan, topaketetan zein elkartrukeetan  parte hartzeko hainbat bidaia egin  izan dituzte urte hauetan guztietan, eta askotariko herrialdeetan izan dira. Urrutiena, Israelen.

Besteren artean, hori du gogoan Eskuderok. 1990ko abuztuan izan zen. Garai horretan, zurrumurruak baziren Irakek Kuwait erasotuko zuela. «Arrisku handia zegoen, baina atzera bueltarik ez genuen», gogoratu du. «Gerra lehertzear zegoen. Jende askok pistolak zituen, eta gu babesteko talde bat genuen. Guk ez genuen beldurrik, gazteak ginen, ederki ginen».   

Zarautz Txiki abesbatzarekin bizitako hainbat une ere ekarri ditu gogora. Haurrek «beti kantuan» jarduten dutela dio, «autobusetik jaitsi eta beti abesten». Baita Venezian ere. Lehiaketa batera joanak ziren, eta heldu zirenean, sirena hotsa entzun zuten, marea gora zijoalako. «Guk kalean jarraitu genuen, urez beteta, hanka-hutsik, kantuan. Gozamena zen».


Jarraipena eta aitortza

Horiek eta beste hainbat bizipen egituratzekoan, abesbatzaren historia bera izan du gidari Etxabek, baina argi utzi du ez dela inbentario soila. Izan ere, «ezinezkoa» litzateke hori egitea. «Zarautz Abesbatzaren 30 urteak biziak izan baitira».

Ardatz kronologikoa jarraituta, abesbatzaren 30 urteak eskala batean jaso ditu, multzoka, eta monografikoak gehitu dizkio, abesbatzaren ibilbidean sortzen joan diren taldeen (1986an Zarautz Txiki, 1991n Zarautz Gazte eta 1997an Txinpirin) eta horrekin lotura duten pertsonen informazioa aipatuz, besteak beste, Francisco Escuderorena, Angel de Urcelayrena eta  Aita Garmendiarena.  

Horri lotuta, hainbat ekitaldi adierazgarritan hartu izan dute parte Zarautz Abesbatzako kideek, Santa Zezilia Egunean edota Udako kontzertuetan. Zarautzen 750. urteurrena zela-eta, Escuderok Joan Bautista obra sortu zuen, eta horren estreinaldian izan ziren Zarautz Abesbatzako kideak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta San Inazio abesbatzarekin batera. Aita Garmendiaren eta Angel de Urcelayren hainbat lan ere abestu dituzte han hemenka.

Hain zuzen, hori izan da Etxaberi atentzioa eman dion kontuetako bat: abesbatzak hainbat eta hainbat konpositoreren lanei balioa eman diela. «Formazio eta sentsibilizazio aldetik egiten du lan bat, jende asko pasatu da bertatik, eta horrek sortzen du giro bat», gaineratu du Etxabek. «Jende horrek guztiak jaso du zerbait, eta jarraitzen dute jasotzen». Egun 48 kide ditu Zarautz Abesbatzak, eta Eskuderoren arabera, badira batzuk bizitza osoan jarraituko dutenak. «Batek dio abesbatzan hilko dela,ez duela behin ere utziko», dio.

Liburua eskuratu nahi dutenek  Sanz Enea kultur etxean, Zarautz Abesbatzaren egoitzan—Villa Mundan— zein Turismo Bulegoan daude salgai, 10 euroan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide