Ulacia Grupok bigarren garaipena lortu du jarraian

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 18a

ZASTen familia argazkia (ZAST)

Denboraldiko etxeko lehen partida jokatu zuen igandean Ulacia Grupok, eta 83-62 irabazi zion Palentziako Venta de Baños taldeari Aritzbataldeko kantxan. EBA Ligako lehen bi norgehiagoketa jokatu dituzte, eta bietan nagusitu dira.

Zarauzko jokalariek ez zioten oso fin ekin neurketari, baina minutuak aurrera joan ahala partidan sartzen joan ziren. Boladaka joan zen lehen laurdena, talde batek emandako kolpeari besteak erantzuna ematen zion. Aurkariak markarkagailuan aurretik bukatu zuten lehen hamar minutuak, 21-24koarekin.

Bigarren laurdena aldrebes samar hasi zen, Jon Perez epailearen lesioa tarteako; Jorge Caamaño geratu zen epaile bakar gisa. Etxekoek 26na berdintzea lortu zuten, baina Palentziako taldeak berriro ere aurrea hartzea lortu zuten jarraian. Hortik aurrera partida pixkanaka hausten hasi ziren Ulacia Grupoko jokalariak, eta azken 8 minutuetan 21-12ko partziala eskuratuta, 42-38koarekin iritsi ziren atsedenbaldira.

Aldagelatik gogotsu atera ziren zarauztarrak, eta hurrengo bi laurdenetan jaun eta jabe izan ziren kantxan. Azkenean 21 puntuko alde nabarmenarekin garaitu zuten, 83-62ko emaitzarekin. Hankak lurrean izan eta lanean jarraitzea besterik ez dutela adierazi zuen Goar Artetxe entrenatzaileak partida amaieran. Era berean, garaipenaren gakoa etxekoek ezarritako erritmoan egon zela nabarmendu zuen.

Datorren igandean hirugarren garaipenaren bila joango dira Nafarroara. Valle de Egües talde igo berria izango dute aurkari.

 

ZASTen familia argazkia

Partida jokatu aurretik, urtetako ametsa errealitate bihurtzea lortu zuten ZASTeko arduradunek. Klubeko jokalari guztiak bildu zituzten Aritzbatalde kiroldegian, eta familia argazkia atera zuten, taldeko argazki bana atera ostean.

Argazkian parte hartu zuten jokalarietako asko Ulacia Gruporen partidua ikustera geratu ziren, eta horiei iazkoan ohikoak ziren zaletuak eta jende berria ere gehitu zitzaien, denak saskibaloiaren ikuskizunaren hasierarekin gozatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide