Euskarazko osasun arreta ez dago bermatuta

Julene Frantzesena 2016ko urriaren 18a

Uemako udalerri batzuetako alkateak eta zinegotziak, joan den ostiralean egindako agerraldia (Uema).

Azpeitiko, Beizamako, Zarauzko eta Zumaiako 42 medikuetatik 18k ez dute hizkuntz eskakizuna betetzen. Uemak, hizkuntzari dagokionez, osasun zerbitzuan kalitatea eskasa dela salatu du.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) euskararen arnasgune diren hainbat udalerritako osasun-etxeetan euskararen hizkuntz eskakizunik ziurtatuta ez duten medikuen eta pediatren datuak jakinarazi ditu. Guztira, Uemako kide diren herrietan, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko; lautik bat.

11 herrik osatzen dute Urola Kosta, eta Uemako kide dira zortzi (Aia, Azkoitia eta Errezil ez dira). Aizarnazabalen, Getarian, Orion eta Zestoan euskarazko zerbitzua bermatuta dago osasun-etxeetan. Aldiz, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko arazoak dituzte Azpeitian, Beizaman, Zarautzen eta Zumaian. Azken lau herri horietan 42 mediku daude, eta horietatik 18k ez dute hizkuntz eskakizuna betetzen; ia %43k. Josu Labaka Uemako lehendakariaren hitzetan, “zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu”.

Uemak Osakidetzaren eta Osasunbidearen plantilletako datuak herriz herri kontrastatu ditu. Labakak azaldu duenez, 2013tik 2016ra “hobekuntzak” izan badira ere, udalerri batzuetan egoera “larria” da oraindik. “Lankidetzarako proposamena egiten diegu Osakidetzari eta Osasunbideari egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun”.

DATUAK
Dagokien hizkuntz eskakizuna ziurtatuta ez duten medikuak Zarautzen:

  • Medikuak. 14tik 8k ez dute ziurtatuta.

  • Pediatrak. 4tik 2k ez dute ziurtatuta.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide