Orioko Kultur Etxeko areto nagusira sartzean, paretetan zintzilik dauden argazkiak ezagunak egingo zaizkiete oriotar askorik. “Hala ere, askok ez lukete jakingo irudi horiek non ikusi dituzten esaten”. Raimundo Atxak atera ditu argazkiak, baina egileak Orioko ehundaka haur dira. Izan ere, Orioko Curriculuma Sortzen taldeak bultzatuta, autobide azpiko zutabeak margotu zituzten herriko haurrek 2014an, herriko gaiak erabiliz, eta Atxak mural horiek izan ditu inspirazio iturri.
“Egun batean hondartza aldera buelta bat ematera joan nintzen, eta autobideko zubiaren azpitik pasa nintzenean irudi horietan arreta jarri nuen. Egia esan behar badut, ez nintzen inoiz geratu marrazki horiek begiratzera”. Atxaren iritziz osotasunean ikusita “haurrek egindako irudiak dira, baina xehetasunetan erreparatuz gero indar handiko irudiak direla ohartu nintzen”.
Kamera hartu eta mural horien zati desberdinei argazkiak atera zizkien artistak, eta ikusgai jarri ditu kultur etxean. “Horietako batzuetan haurren marrazkiak direla antzematen da, baina beste batzuk marrazki kontzeptual oso interesgarriak dira. Orban beltz multzo bat txori bihurtzen da batean; beste batean berriz, haurrek egindako zirrimarrek letra japoniarrak dirudite”.
Orion tailerra
Ramon Arantzabal margolari zarauztarraren ezizen artistikoa da Raimundo Atxa. Orion dauka estudioa eta lehen ere egin izan du erakusketaren bat Orioko kultur etxean. Pintura-lanak egiten hasi zen; baina, azken aldian, argazkigintzan ere ari da lantzen, besteak beste argazkiekin collageak-eta egiten. “Adierazpen desberdinak probatzea gustatzen zait, esperimentatzea. Hala ere, niri pintura eta argazkigintza ez zaizkit elkarrengandik urrun dauden adierazpideak iruditzen, guztiz bateragarriak dira”.