"Zarauzko ikastolan 1972-73 ikastaroa zen Manolo Urbietak (guretzat Manolo izan da beti) kantu-letrak eskatzen zizkigun lankide ginen Jose Antonio Ormazabal, Andu Lertxundi eta hiruroi ikusten gintuen bakoitzean. Egin ere egin genizkion. Gero, Haur kantarien birlorak izeneko liburuxka eta lau kaset argitaratu zituen (1974). Astoa ikusi nuen titulatzen zen Manolo goraipatuz duela gutxi egunkari batean argitaraturiko artikulua. Irakurri, eta Ormazabalen izenik agertzen ez. Eta berea da kanta horren letra; eta musika ere (herrikoia) berak ezarri zion; geu horren testigu. Xagutxo batzuekin, Tximeleta mendian eta beste hainbat kanta arrakastatsuren letrak ere Jose Antoniorenak dira. Andurenak eta nireak ere bai batzuk. Dakigula, ez daude egileen izenean erregistratuta.
Manolo hil denean ondo merezitako gorazarreak egin zaizkio, eta kronika ugari eta sakonak ere bai, baina horietan ez dut entzun eta ikusi orain dela zazpi urte hain modu tragikoan utzi gintuen zegamarraren izenik. Oso injustuak izan garelakoan nago berarekin. Letragintzan, bertsolaritza suspertzen, testugintzan edo ipuingintzan egindako lan aitzindari erraldoiak esker hobea merezi zuen. Berandu bada ere, aitortu beharko diogu noizbait egin zuen lan eskerga eta utzi zigun ondare bikaina. Uste dut zorretan gaudela berarekin.
Agur eta ohore Manolo!, agur eta ohore Jose Antonio!"
Juan Marin Elexpuru. Bergara.