Hirugarren urtez, Bertakoak ekitaldia antolatu du Zarauzko Udalak azaroaren 5erako. Oraintxe egin dute aurkezpena udaletxean, eta "aniztasunez jantzi dute udalbatzar aretoa, ekitaldiari keinu eginez". Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak adierazi duenez, Zarautz "geroz eta anitzagoa da, jatorriari, hizkuntzari, kulturari eta sinesmenei dagokionez". Julen Aranguren Immigrazio teknikariak eman ditu datuak. Haren arabera, duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Zarautzen 40 hizkuntzatik gora hitz egiten dira, eta herritarren jatorriari dagokionez, 60 nazionalitate ezberdinetako jendea bizi da udalerrian.
Arangurenen esanetan, aniztasun hori gora doa. "Guztiok gara bertakoak, jatorri ezberdinetakoak izanda ere", dio Zorrozuak. Hala ere, herritarrak batzuetan ez direla elkar ezagutzen gaineratu du Arangurenek. Bertakoak aniztasun hori partekatzeko aitzakia da. Hala, aniztasun hori normalean aurkitzen ez den lekura eramango dute aurten ere: elkarte gastronomikoetara, alegia.
Guztira, zortzi elkarte gastronomiko eta herrialdek hartuko dute parte. Herriko hainbat elkartetan bildu eta atzerritik etorritako lagunek euren herrialdeetako jakiak prestatuko dituzte, zarauztarren laguntzarekin: Iñurritza erretiratuen elkartean Saharako janaria eskainiko dute; Ongi Etorri elkartean Pakistangoa; Babes batzokian Senegalgoa; Kurpilen Argentinakoa; Francisco de Zurbaranen Kolonbiakoa; Alkartasunan Nikaraguakoa; Arrano Kabian Paraguaikoa eta Ezkertokian Boliviakoa.
Izena, urriaren 31a arte
Interesa dutenek HAZen eman dezakete izena asteartetik aurrera, Kale Nagusiko 29. zenbakira jota, 943-005100 telefonora deituta edota haz@zarautz.eus helbidera idatzita. Urriaren 31 izango da izena emateko azken eguna. 10 euro ordaindu beharko dira parte hartu ahal izateko.
Duela bi urte 80 pertsonek hartu zuten parte Bertakoaken, duela urtebete 130ek eta aurten kopuru hori gainditzeko nahia dute. Hori dela eta, herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.