Aialak bale, Amenabarrek kale

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 11

Aiala Zarautz eta Suregranca taldeen arteko norgehiagoka (Luis Epelde/Zarautz Eskubaloia).

Zarauzko Eskubaloiko emakumezkoek 31-26 irabazi zuten Suregrancaren aurka. Aldiz, gizonezkoek ezin izan zuten Bartzelonarekin; 25-19arekin galdu zuten.

Aiala Zarautz bolada onean da, orain arteko partida guztiak irabazita. Igandean Aritzbaladen jokatu zuen Suregrancaren aurka, eta etxekoak nagusitu baziren ere, aurkariek ez zizkieten gauzak horren erraz utzi. Hasierako minutuetan aurretik jarri ziren bisitariak, baina oro har bigarren zatiko lehen hamar minutura arte, lehia parekatua izan zen. Zarauzko taldea aurretik joan zen uneoro, nahiz eta Suregrancakoak ez zieten alde egiten uzten. Partidaren azken txanpan, ordea, Aialak aldeak aregotu zituen, eta 31-26ko emaitzarekin irabazi zuen.

Amenabar Zarautzen Bartzelonara bidaiatu zuen, bertako taldearen aurka jokatzeko ostiralean. Aurkari gogorra izan zuten aurrez aurre, eta ezin izan zuten haien aurka. Partida osoan aurretik izan zen Bartzelona, eta 25-19ko emaitzarekin hartu zuen mendean Amenabar.

Astebukaera honetan, Aialak Sporting La Riojaren aurka neurtuko ditu indarrak larunbatean, 17:00etan, Logroñon. Amenabarrek bihar Palma del Rioren aurka jokatuko du, 12:30ean, Aritzbatalden, eta asteburuan etxetik kanpo izango du lehia, Hanbol Bordilsen kontra; larunbatean, 20:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide