Konan jokatzen den Ironmana distantzia horretako probarik garrantzitsuena da. Zer da zuretzat bertan lehiatzea?
Niretzat Konan lehiatzea aurretik eginiko lan guztiaren eta lasterketa batean lortutako emaitza on baten ondorioa da. Horren guztiaren saria, alegia.
Hawaiin, gainera, ezin du edonork parte hartu. Sailkatu egin behar duzu. Horrek triatleta gutxi batzuen eskura uzten du aukera hori, ezta?
Hori da, bai. Hawaiirako sailketzea oso zaila da gaur egun, sailkatu zaitezkeen edozein lasterketetan partaide pila bat egoten delako. Nolabait esateko, 200-300 parte-hartzailerentzat hiruzpalau plaza bakarrik egon ohi dira. Orduan, asko eta ondo entrenatutako batzuen esku dagoen aukera da.
Zuk iaz lortu zenuen sailkatzea, Mallorcako Ironman proban; 30-34 adin tartekoen artean lehena izan zinen. Ezustekoa izan al zen ala Hawaiiko txartelaren bila joan zinen?
Ez zen ezusteko bat izan Mallorcan lortu nuen txartela. Egia da oso zaila neukala, baina lehen ere sailkatu nintzen beste urte batean, eta banekien lasterketa ona egiten banuen eta dena ondo irteten baldin bazitzaidan, txartela lor nezakeela. Eta horrela izan zen.
Honakoa bertan lehiatuko zaren bigarren aldia duzu. Lehenengoarekin konparatuz, zertan izango da ezberdina?
Ezberdintasun gutxi izango du. Oraingo honetan ere probaz gozatzeko asmoarekin irtengo dut, baina, agian, aurrekoan baino esperientzia gehiago izateak lasaitasun gehiago ematen dit.
Zirkuitua behintzat ezagutzen duzu, baita itsasoa eta eremua ere. Alde horretatik ere lasaiago zaude?
Beharbada, alderdi horretatik egon ninteke urduriago. Hawaiiko baldintzak oso gogorrak dira, eta lehiatu nintzen aurreko aldian hori ez nekien.
Dena dela, astebete lehenago joan zara irlara. Bertara egokitzea ezinbestekoa delako?
Bai, proba jokatu baino zortzi egun lehenago iritsi naiz. Aklimatatzeaz aparte, ordutegi aldaketa 12 ordukoa da, eta komeni da egun batzuk lehenago etortzea, Hawaiira egokitzeko.
Zer helburu finkatu duzu?
Printzipioz, 2009an egindako marka hobetzea dut buruan, baina ez naiz estutuko horregatik. Helburu nagusia helmugara dena eman dudan sentipenarekin iristea da.
Helburu hori lortzeko zein estrategia erabiliko duzu?
Horretarako lasterketa osoan konzentratuta joatea izango da nire asmoa. Azkarregi joateak lehenago edo beranduago hanka sartze hori ordaindu beharko dudala esan nahi du.
Ironmana triatloi proba zorrotza eta luzea da. Zerk ematen dizu beldurra edo errespetua?
Beldur gehien bizikletako ibilbidean egoten den haizeak eta beroak ematen dit.
Proba bera, zirkuitua, nola ikusten duzu? Zure gustuko ibilbidea al da?
Niri agian hobeto datozkit bizikletako zirkuitu gogorragoak; aldapa gehiagorekin direnak, hain zuzen ere. Bestalde, itsasoan neoprenozko jantzirik gabe igeri egin ohi da, eta hori ondo datorkit. Gainera, beroa egin izan duen lasterketetan ondo ibili izan naiz.
Ainhoa Muruaren Riorako lan saioetan haren laguntzaile gisa ibili zara. Hori baliagarria izan al zaizu Hawaiirako ala, distantziak ezberdinak izanda, zertxobait baldintzatu du zure prestaketa?
Egia da Ainhoari entrenatzen lagunduz asko entrenatu dudala, baina entrenamendu mota ezberdinak ziren. Hawaiirako bereziki azken sei aste hauetan aritu naiz buru-belarri. Lasterketa egunean ikusiko ditugu emaitzak.
Beste triatleta batzuen entrenatzaile gisa ere aritzen zara. Proba honetarako zu zeu izan al zara zeure buruaren prestatzaile edo beste norbaiten esku jarri zara?
Nire prestakuntzaren ardura Ainhoa eta bion artean hartu dugu. Berak lagundu dit, era berean, prestakuntza aurrera eramaten [Ainhoa Murua berekin joan da Hawaiira].
Konako Ironmanarekin bukatuko al duzu denboraldia?
Aurtengoak behintzat Konako lasterketarekin amaituko ditut. Momentuz, hurrengo denboraldiari begira ez dut ezer pentsatu. Negua aurrera doan heinean pentsatuko dut.