Aurkeztu dute Garoako urte bukaera arteko egitaraua

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 6a

Ezkerretik, Imanol eta Eneko Agirre eta Oier Arantzabal.

Urria, azaroa eta abenduan hainbat literatur solasaldi eta kontzertu izango dira.

Egitarau zabala antolatu du Garoa liburu dendak ikasturte berrirako. Oraingoan ere hiru zutabe izango ditu: irakurle taldeak euskaraz zein gaztelaniaz eta kontzertuak. Berrikuntza gisa, Paperezko kontzertuei dagokionez, gonbidatuek emanaldi bikoitza eskainiko dute, bata Zarautzen eta bestea Donostian. Gainera, Zarauzko saioen eguna eta ordua ere aldatu dute. Igandetan beharrean, larunbatetan izango dira aurrerantzean—Joseba Irazoki eta Beñat Axiarirena kenduta; hori igandean izango da—; eta 12:30ean, 11:30en beharrean. "Vermutaren orduan", alegia.

Urriaren 29an izango da lehenbiziko Paperezko kontzertua Zarautzen, Willis Drumond taldeko abeslari eta gitarra jolearekin, Jurgi Ekizarekin. BH036-DG diskoa aurkeztuko du birako azken kontzertu horretan. Emanaldi "oso intimoa" izango dela aurreratu dute Garoako ordezkariek.

Horren ondoren, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari (azaroaren 20an) zein Iñigo Garces Cabezafuego (abenduaren 17an) ere izango dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Garoan, 10 euroan bakoitza.

Aurreko saioetan bezala, Debolex ekoiztetxeak kontzertu bakoitza grabatuko du ikasturte berrian. Aurrez egindakoak, paperezkoak.com webgunean daude ikusgai.

Aurkezpen ekitaldia, gaur

Irakurle taldearen aurkezpen ekitaldia, berriz, gaur izango da, gonbidatu bereziarekin: Asier Serranorekin. Garoako kideek nabarmendu dute ez dela literatur solasaldi bat izango bere horretan; musikaz eta poesiaz lagunduta, harekin solasean aritzeko aukera izango dela, 19:30etik aurrera.

Datozen hilabeteetan, hilero bina hitzordu izango dira literaturaz solasteko: bata euskaraz eta beste gaztelaniaz. Paperezko lagunak taldeak Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin (urriaren 27an); Brigit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko (azaroaren 17an) eta Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten  (abenduaren 15ean) aztertuko ditu. Lehenbiziko saioan, gainera, Pello Esnal editoreak hartuko du parte, eta hirugarrengoan, idazleak berak. Alex Gurrutxagak gidatuko ditu saioak euskaraz.

Gaztelaniazkoak, berriz, Patricia Getek dinamizatuko ditu. Urriaren 24ean izango da Amigas de Papel taldearen lehen solasaldia, Luisa Carnesen Tea Rooms eleberriaren inguruan. Hitzordu horretan ez, baina gainontzeko bietan, autoreek hartuko dute parte: azaroaren 21ean, Alaska, porque sí eleberriaz solastuko dute parte-hartzaileek Iñaki Bidegainekin, eta abenduaren 19an, Partir lanaz, Lucia Baskaranekin.

Eztabaida gune

Garoako ordezkariek gaineratu dute, egitarauaz aparte, hitzaldi solasaldiak antolatzeko asmoa dutela, Garoa Plazaren barruan. "Garoa liburu denda izateaz gain, leku politikoa ere bada, bere zentzu oinarrizkoenean. Alegia, eztabaidatzeko gune izatea ere nahi dugu". Hala, gonbidatu bereziak ekartzea dute helburu.

Hiru urte badira Garoak ekimenak antolatzen dituela. "Pila bat kontzertu eta jardunaldi antolatu ditugu eta horrek lana dakar atzetik". Izan ere, eurek eramaten dute guztia aurrera. Antolatu ohi dituzten ekitaldiek denboran luzatzeko helburuarekin, Kultura sailarekin elkarlana hasiko dutela jakinarazi dute, etorkizunean ere egitarau zabalak antolatzen jarraitzeko.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide