Torreoia eta Santa Klarako pasabidea hizpide udalbatzarrean

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 6a

Antonio Cabanillas Santa Klarako lur azpiko pasabidearen inguruan galdezka (Aritz Mutiozabal).

Osteguneko osoko bilkuraren aurretik, herritarrek hitza hartu zuten, Santa Klarako pasabideari buruz argibideak eskatu eta Torreoia zein inguruaren proiektua zertan den galdetzeko. 

Bi herritarrek hartu zuten hitza udal osoko bilkuraren aurretik: batetik, Torreoia Bizirikeko Koldo Olaizolak, taldearen izenean, eta bestetik, Antonio Cabanillasek. Olaizolak Gabriel Arestiren poema bat irakurri zuen, gerora EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek eurena eginda, taldearen idatzia aurkeztu aurretik.

Cabanillasek, bere aldetik, hainbat zalantza argitu nahi izan zituen Santa Klarako lur azpiko pasabidearen inguruan. Galdetu zuen aukeratutako proiektuaz aparte, beste alternatibak ezagutzeko aukera bazegoen ala ez, lehiaketa irabazi duen egitasmoak hainbat gabezia dituela nabarmenduz. Diseinua ez dela inklusiboa esan zuen eta segurtasun aldetik ere puntu beltz bihurtzeko arriskua dagoela—Irabazi Zarautzek ere bere garaian hori salatu zuen—.

Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuen lehiaketara 22 proposamen aurkeztu zituztela, eta bi multzotan zatitzen direla: batetik, egingo den proiektuaren antzekoak, alegia, zig-zag estilokoak; eta bestetik, kota luzatuz eta aldaparik gabekoak. ETSk guztiak aztertu dituela esan zuen, eta «irtenbide naturalena» zig-zag estilokoa egitea dela ondorioztatu zutela. Aukera hori «naturalagoa» dela, ekialde eta mendebaldearekin lotzeko irtenbide onena delako, eta gerora Salberdingo urbanizazioarekin bat egingo zuelako.

Era berean, segurtasunari dagokionez, adierazi zion hasieratik izan dutela alor hori kontuan, eta aldapa zein eskailerak «nahiko zabalak» direla ikusgaitasuna ez oztopatzeko; azpiko pasabidearen hasieratik zein eraikinetatik San Frantzisko zein Santa Klara kaleak ikusi egiten direla, eta irizpide hori kontuan izango dute egingo duten lorategiko landareak aukeratzekoan ere.  


«Proiektua bizirik dago»

Mikel Goenaga EH Bilduko bozeramaileak irakurri zuen Torreoia Biziriken idatzia. Horren bidez, gogoratu zuen Torreoia eta ingurua berreskuratzeko Denboraren Parkea egiteko konpromisoa hartu zutela aurreko agintaldian, eta momentuz ez dutela ezer jakin horren inguruan. Horregatik, eskatu zuten irekitako bideari jarraipena emateko; proiektua amaitu eta aurreproiektuan aurkeztutako izpiritua mantetzeko zein 2017-2018 artean proiektua garatu ahal izateko, udalak behar den aurrekontua onartzeko.

PSE-EEko Gloria Vazquezek adierazi zuen Udal Gobernuaren Agintaldiko Planean jasota dagoela gune hori berreskuratzea, eta ondorioz, mozioa puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuen. Txurrukak nabarmendu zuen «proiektua bizirik» dagoela, eta Arkamurka taldearekin hitzarmena sinatu zutela uztailean parkea berreskuratzeko. Aurreproiektuan jasotako hainbat irizpide, ordea, bere horretan mantentzea ez dela posible, «Torreoia zutik mantendu nahi bada».  «Behar diren neurriak hartuko ditugu Torreoia zutik mantentzeko. Aurreproiektuak aldaketa sakonak behar ditu, udal teknikariek dioten bezala».

Mozioaren lehen zein bigarren puntuak ez zituzten onartu; hau da, aurreko agintaldian irekitako bidea jarraitu eta Denboraren Parkea amaitzea, eta, aurreproiektuan aurkeztutako izpiritua mantenduz, egitasmoarekin bat egiteko konpromisoa hartzea. Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Hirugarrena, proiektua garatu ahal izateko aurrekontua onartzea aho batez atera zen aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide