Uda "lasaia" izan dela nabarmendu du Zarauzko Gurutze Gorriak, "itsasoaren egoera ona izan delako eta zurrunbilo nahiz korronteak arinagoak izan direlako".
60 pertsonako lantaldea aritu da hondartzako zaintza eta osasun zerbitzuan: hondartza-buru bat, uretako motorrarentzako patroi bat, 17 sorosle, administrari bat, erizain bat eta bi osasun teknikari. Era berean, gutxienez anbulantzia bat eta uretako motor bat izan dute uneoro zerbitzuan.
Artatze datuei dagokienez, 1.077 osasun laguntza eman dituzte, "aurreko urteetako kopuru antzerakoa"; aurten, ordea, ez dute marmoken helduengatik laguntzarik eman behar izan. Haietatik 81 eraman dira osasun zentroetara.
Guztira, 53 erreskate egin dituzte, "aurreko urteetan baino nabarmen gutxiago, itsasoaren egoerak lagundurik". Horietako inork ez du osasun zentro batetara garraiatzeko premiarik izan. Azkenik, 126 gizarte-laguntza eskaini dituzte, bainu egokitua batez ere.
Zarauzko Gurutze Gorriak eskerrak eman die hondartzako erabiltzaile guztiei, "euren laguntza eta jarrera onagatik", eta baita Zarauzko Udalari ere, "kalitate handiko zerbitzua mantentzen laguntzen digulako".