«Hau da gehien betetzen nauen proiektua, pertsonalena»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko irailaren 30a

Noga taldeko kide Antxon Sarasua eta Unax Nogales (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Unax Nogales zarauztarrak barrua hustu du ‘Living on the mountain’ diskoan. Noga talde gisa kaleratu duten lehenbiziko lana da, eta gaur aurkeztuko dute, Modelo aretoan.

Antxon Sarasua (teklatua), Lander Moya (baxua), Bernat Barcena (bateria), Iñigo Escauriaza (soinu teknikaria) eta Jonbe Martinezekin (gitarra) elkartu da Unax Nogales, eta talde gisa lehenbiziko proiektua ondu dute: Living on the mountain. Folk amerikarra, soft pop eta country kutsudun diskoa gaur «jaioko» da, herrian, Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etan hasita. Sarrera 3 euro kostako da, eta 16 urtez azpikoek ez dute ordaindu beharko.

Zer esan nahi du zuretzat Living on the mountain-ek?
Unax Nogales: Helburu batera heltzeko gainditu behar dituzun oztopoak islatzen ditu. Eta, behin hori guztia gainditu eta helburura heltzean, mendira alegia, ez dela hain erraza han mantentzea.  Hain zuzen, zailena bertan mantentzea dela.

Abestietako testuak biografikoak direla diozu, eta barrua hustu duzula horiek idazterakoan. Zer kontatu nahi izan duzu?
U.N.: Gai ezberdinak landu ditut. Alde batetik, maitasuna. Pare bat abesti idatzi ditut amodioari buruz. Bestetik, beldurra ere jorratu dut, norberak dituen beldurrak. Horrez gain, zorte txarraz ere idatzi dut... Esan dezaket proiektu hau dela pertsonalena. Egin ditudan guztietatik, hau da gehien identifikatzen nauena, nire pertsonaliteta propioa ateratzen lagundu dit.  Agian, jendeak ezagutzen nau bertsioak egiten ditudalako. Egia esan, gozatu egiten dut bertsioekin eta asko ikasi. Baina, argi neukan, aldi berean proiektu propioa landu nahi nuela, nire abestiekin. Hau da gehien betetzen nauen proiektua.

Biluztu egin zara, ingelesez.
U.N.: Bai,  txikitatik, abestiak ingelesez entzun izan ditut, eta kantak konposatzekoan ere, instintiboki, melodiak eta fonetika ere ingelesez ateratzen zait. Baina horrek ez du esan nahi etorkizun batean ez dudanik euskaraz edota gaztelaniaz konposatuko.

Sei abesti jaso dituzue proiektuan.
U.N.:  Lehenbiziko proiektua izanik, asko pentsatu dugu diskoa nola kaleratu. Hasiera batean  pentsatu genuen hamar bat abesti sartzea, baina ez genekienez zer-nolako harrera izango zuen, pentsatu genuen gehitxo izango zirela agian. Batzuk erantzuna izango zutela, baina beste batzuk agian alde batera utziko zirela, alegia. Horregatik, abestiak ez gutxiesteko-edo, erabaki genuen apurka ateratzea. Hala, lehenbiziko diskoak sei kanta ditu, gehien ordezkatzen gaituztenak, eta gerora ikusiko dugu gainontzeko kantekin zer egin.

Taldeetan ibilia zara, baina bakarka jardun duzu nagusiki. Talde bat osatzeko ideia nondik etorri zen?
U.N.: Diskoarekin dago lotua. Nik idatzita nituen abesti batzuk, baina ez nekien zer egin haiekin. Nire ilusioa zen abesti horiek talde batean nola funtzionatuko luketen ikustea. Hala, talde txiki bat bilatzen hasi nintzen. Baina ez nituen musikariak soilik aurkitu nahi, baizik eta proiektuaren parte izango zirenak. Eta zorte handia izan dut;  musikari finak izateaz gain, benetan sinesten dute proiektuan, kasik nik baino gehiago. Bakoitzak bere ukitua eman dio. Nik asko eskertzen dut, beste ikuspegi bat eman baitiote, kanpokoa. Bakoitzak egin dio bere ekarpena. Horrek izugarrizko bultzada eman dit.

Antxon Sarasua:  Nire kasuan, ezagutzen nuen Unax, entzuna nuen handik eta hemendik, eta behin topo egin genuen jaialdi batean, kontzertuak ematen ari ginela, bakoitza bere aldetik. Unax jotzen ari zen, ahotsak erakarrita, emanaldian batu nintzaion. Kimika ona izan genuen.  Gero, proiektua pasatu zidan, eta asko gustatu zitzaidanez, proiektuan murgiltzea erabaki nuen. Baita besteek ere.

U.N.:  Bai, hori da, ez da izan telefono dei baten bidez sortutako harremana. Ez naiz galdezka ibili; aurrez ere ezagutu edo behinik behin kointziditu izan dugu.

Nolakoa  izan da prozesua?
U.N.: Luzea, etapa askokoa. Abestiak konposatzen duela lau urte-edo hasi nintzen. Gerora, bakoitzarekin elkartu naiz. Bere etxeko estudioan, Bernat Barcenarekin, abesti guztiak egituratu nituen. Ondoren, Lander Moyarekin elkartu nintzen, abestiak ikasteko. Hirukote gisa kontzertuak ematen hasi ginen, forma eta identitate bat hartze aldera. Hiruko  gisa funtzionatu bazuen, argi geneukan talde bezala ere oso ongi entzungo zela. Hala, gero Antxon sartu zen, ondoren Jonbe, Iñigo ere bai... Duela urtebete hasi ginen bateriak grabatzen, Estudio 57-n, Laukizen. Handik sei hilabetera grabatu genuen baxua.Prozesua luzea izan da, baina emaitza ere orraztuagoa atera da.  

A.S.:  Bai, eta horregatik, jasotzen duen erantzuna ikusita, ondoren erabakiko dugu zer egin gainontzeko kantekin. Hau lehenbiziko pausoa besterik ez da.

Izan duzue aukera seiok elkarrekin jotzeko. Hotz Zarautzek antolatutako ekitaldian eskaini zenuten lehenbiziko kontzertua talde gisa.
U.N.: Proba oso ongi joan zen, kimika ona egon zen geure artean eta  indarrak eman zizkigun aurrera jarraitzeko. Baina, esan genezake, proiektua gaur jaioko dela, eta hasiera besterik ez dela izango.

A.S.: Bai, hori izan zen lehenbiziko proba. Gaurkoa izango da  zerbait trinkoa.

Eta jaio Zarautzen jaioko zarete, Modelon. Nola sentitzen zarete?
U.N.: Gogoz eta ilusiorekin, baina, aldi berean, urduri nago, ardura handia delako. Unea iritsi eta guztia emateko prest nago.

A.S.: Etxean jotzeak babes hori ematen dizu, badakizu jendea etorriko dela. Baina, aldi berean, presioa handiagoa da, eskaintzen duzuna ona izatea nahi duzulako.

Jaiotze horretarako zerbait berezia prestatu al duzue?
U.N.: Amaia Gabilondok egingo du sarrerakoa, Antxonek berak lagunduta. Orduerditxo batean hainbat kanta eskainiko ditu, soul ukitukoak.  

A.S.: Herria izanda, eta bakarrik egon beharrean, erabaki genuen emanaldia luzatu eta beste bakarlari bat gonbidatzea, sarrerako kontzertua ematera. Nik uste dut aparta dela hasiera emateko.

U.N.: Beste berezitasuna izango da etortzen direnei diskoa oinarri digitalean lortzeko aukera eskainiko diegula. Diskoak ez dira heldu garaiz, eta orduan bertaratzen direnei helbide elektronikoa eskatuko diegu kontzertuaren amaieran, eta diskoa dagoenean esteka bat bidaliko diegu zuzenean deskargatzeko aukera izan dezaten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide