Photomuseumek sustatu eta Zarauzko Udalak babestutako Gela programarekin jarraitzen dute Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan. Ostiraletan kulturaren difusioa helburu duten ekintzak antolatzen dituzte, eta gaur Amerikar bat Parisen (An American in Paris) film musikala emango dute 18:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.
Film honetarako indarrak batu zituzten Gene Kelly aktoreak, Arthur Freed ekoialeak eta Vicente Minelli zinema zuzendariak, eta askoren iritziz Hollywoodeko ekoizpenik onenetako bat da. 1951n estreinatu zuten zinema aretotan, eta ikus-entzuleak txundituta utzi zituen, film musikalen arloan kontzeptu berritzaileak txertatu zituztelako. Ondorioz, sei Oscar sari lortu zituen; besteak beste, film eta jatorrizko gidoi onenarena. Film musikalen generoan erreferentzia nagusietako bat da, zalantzarik gabe.
Gerraondoko Parisen kokatuta dago istorioa. Gene Kelly aktoreak margolari estatubatuar bat da, eta lurrin denda bateko saltzaileaz maiteminduko da; Leslie Caron aktoreak antzezten du saltzailea. George Gershwin konpositorearen musika eta koreografia landuak nagusi dira film osoan, eta, nolabait esateko, bikotearen maitasun harremanaren hari gidariak dira.
Nabarmentzeko modukoa da, esate baterako, ekoizpenaren azkenengo zatia. Hamazazpi minutu irauten ditu, eta denbora tarte horretan sinfonia erakargarria, dekoratu ikusgarriak eta Kellyren dantzarako abildadeak uztartzen dira, Amerikar bat Parisen ikusi beharreko ikus-entzunezkoa bihurtuz.