"Gipuzkoako Foru Aldundiak atsekabe handiz hartu du Imanol Urbieta musikagilearen heriotza. Urbietak hamarnaka abesti sortu zituen, horietako asko haurrentzat: Txoria nintzela, John Brown, Xirula Mirula edo Ran rober ran, esaterako.
“Imanol Urbietaren abestiak klasikoak dira honezkero eta gure haurtzaroaren zein belaunaldi ezberdinetako milaka haurren haurtzaroaren zati bat dira. Bere abesti dibertigarriak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira eta hari eroalea eta komunikazio-bidea bilakatu dira guraso eta seme-alaben artean”, adierazi du Kultura Diputatu Denis Itxasok. Honek, foru erakundearen izenean, omenaldia egin nahi izan dio Urbietari, bai eta besarkada bero bat bidali ere bere senide eta lagunei.
Urbietaren pedagogia-lan berritzailea, musika herrikoiari, jolasari eta euskararen, ohitura eta doinu zaharren berreskuratzeari estuki lotuta egon dena, oso garrantzitsua izan da ere. 2007. urtean Urbietak Anton Abbadia saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, euskarari egindako bere ekarpena goratzeko. “Hutsune handia utziko du euskal kultura herrikoiaren alorrean, milaka haurren jolasak musikatzeko xedeak bultzatuta ohitura zaharrak berritzeko kapaza izan zen musikagile eta sortzaile baten hutsunea, alegia", nabarmendu du azkenik Denis Itxasok.
Idatzi honen bidez Kultura Diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, bere doluminik bizienak helarazi nahi dizkie Urbietaren senide eta lagunei".