Gutuna: "Zarauzko udako suak"

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 29a

Martxel Aizpuruak ondokoa idatzi du udako suei buruz.

Hiru su piztu dira aurtengo udan Zarautzen. Ni “ura eta sua belaunetik behera” esaldiaren girokoa naizenez, ez naiz oso gustura ibili eta hemen azaltzera noa zergatik.

San Juan Sua izan zen lehena. Sua piztu aurretik su pirotekniko kaskar batzuk sutu  zituzten Poligonoan. Nire iritzirako gau horretan protagonismo osoa San Juan Suak beharko luke izan, suziri bat edo beste lagun duela.

Bestalde, ez dut ondo konprenitzen sua pizteko izan zuten zailtasuna, aurrez erregai egokiak eta  modu egokian jartzen badira eta ez nola nahi jarritako palet-pilaketa. Nire iritzirako, su txikiagoa eta politakoa antolatu beharko litzateke.

Bigarren suak Abuztuko festetan izan ziren, su artifizial erraldoiak. Bi arrazoiengatik nago su artifizialen aurka, batetik, hogei minutuko festa batek duen aurrekontuarengatik, eta, bestetik, arras kutsatzaileak direlako. Nire presentzia  festa horren aldeko uler ez zedin, ez naiz bi egun horietan malekoira azaldu.

Azkenik, Sahararren aldeko suzko globo-jaurtiketa. Ekimen benetan polita da baina duen sute-arriskua medio ezin dut esan gabe utzi. Ikusi dut iaz baino neurri gehiago hartu direla suteak ekiditzeko, baina bi urteetan parte hartu badut ere, ez naiz lasai egon. Gainera ordu horretan jaurti gabeko globoak etxera eramaten dituztenak ere ikusten dira. Beste ekintzaren bat asmatu beharko da elkartasun sentitu hori agertzeko.

Irailaren 28an Zarautzen itzali da beste su maitatu bat, Manolo Urbietarena. Agur eta Ohore!

Martxel Aizpurua. Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide