Egun oso tristea dela adierazi du Xabier Zabalak. "Hasieran nire irakasle izan zen, ondoren laguna eta azkenean erreferentzia bat". Musika eskolan irakasle izan zuen, eta "ez dakit zenbat belaunaldi pasatuko ginen bertatik, baina guretzako sekulako eredua izan zen".
Pailazoen lan bikoitz berria bukatzen ari dira estudioan, eta aurten, diskoetako bat Urbietaren melodiekin osatuko dutela aurreratu du Zabalak. "Kontxi Aizarna emaztea, Iosu Txapertegi Txapas eta Jaione Eskudero aritu dira proiektuan, eta Urbietarekin berarekin oso erraza izan da guztia, bai pertsonalki bai profesionalki. Gainera, diskoan jaso ditugun abesti batzuk berriak izango dira, beste inon oraindik argitaratu gabeak".
Estudioan hitz egiten aritu direla dio Zabalak, eta "bere musikak bizirik iraungo duela komentatu dugu". Azaldu duenez, "haur pedagogian ez ezik, musikalki ere erreferentea izan da, eta horrelako pertsona bat berriro sortzea oso zaila izango da. Urte luzez bere musika eta materiala ikastoletan mantendu da, baita guztion oroimenean ere, eta hori oso zaila da. Egia esan, dohain handi bat zeukan".