“Mikel Laboa hil zenetik, uste dut ez dela sentsazio hori sentitu: hutsune handia”. Gari Berasaluze Kultura zinegotzi ohiak (EH Bildu) “sentimendu arraroa” deskribatu du, eta uste du orokorra dela.
“Manolori buruz dena dago esanda, ez dut uste norbait bizirik egonda hainbeste omenaldi jaso dituenik. Makalaldi dezente izan ditu azken urtetan, eta udaletik zerbait egitea erabaki genuen aurreko agintaldian”. “Omenaldi guztiak eginda” zituela, zerbait berezia egin nahi izan zioten. “Laboa hil zenean, Txerokee diskoa atera zuten, eta Urbietari ere antzeko zerbait egitea erabaki genuen, ohikotik harago”.
2013an kaleratu zuten Bakarrik eta libre lana (Elkar), orduko udalak bultzatuta. Diskoak “maitasun asko” du bere barruan, Berasaluzeren arabera. “Euskal Herriko musikari askok harengandik sentitzen duten maitasuna jasota dago bertan”. Zenbat abesti egin dizkigun maitasunez ta ezti. Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti.
Hain zuzen, Andoni Egañak Manolo-ri eskainitako abestiko esaldi hori gogoratu du Berasaluzek. “Hala ere, seguru asko ez da berak emandakoaren laurdenaren laurdena ere, baina behintzat izan genuen, modu horretara, gure maitasuna erakusteko aukera”.
Diskoaz gain, aurreko agintaldian, “aspaldian herrian falta zen zerbait” jarri zuten martxan: udal musika eskola. “Zarautzen, garai batean, Imanol Urbietak izan zuen Xirula Mirula eskola, umeekin lotura musika. Gerora, ordea, Zarautzen ez du izan halakorik. Duela laupabost urte, alderdi guztien adostasunarekin, “aho batez”udalbatzarrak erabaki zuen udal musika eskola zabaltzea, eta “nola ez”, Urbietaren izena jartzea, “izen hori behar baitzuen”.
“Mugarria izan zen hori, nire ustez, aurreko agintaldian. Pertsonalki, egin beharreko zerbait zen”.