4.482 euro bildu dituzte pasa den larunbatean Orion ospatutako Karela Festan, eta Hotz Zarautz elkarteari bideratu diote bildutakoa. Atzo egin zuten balorazioa eta gogorarazi zuten errefuxiatuek Greziako kanpamenduetan bizi duten egoera «oso larria» dela. «Komunikabideetan azaltzen ez bada ere, oraindik kanpamenduetan jarraitzen dute, eta behar handiak dituzte. Gainera, behar horiek aldatzen ari dira uneoro. Udan esaterako 50 gradutik gora izan dituzte, orain euriteak jasaten ari dira, eta neguan zero azpira jaisten da termometroa».
Behar horiek kontutan hartu, eta «errefuxiatuen bizi kalitatea hobetzera» bideratuko du Karela Festan bildutakoa Hotz Zarautzek. Elkarteak hainbat proiektu ditu esku artean. Alde batetik, Grezian Ritzonako kanpamenduan dauden gobernuz kanpoko erakundeek sukalde bat sortu dute errefuxiatuei jaten emateko, eta hori sustatzea garrantzitsua dela uste du eskualdeko elkarteak. Bestetik, Ritzonarekin solidaritatea proiektua ere martxan dago kanpamenduan. Ekimen horren bidez behar gehien dituzten errefuxiatuak kanpamendutik atera eta hirira eraman nahi dituzte bizitzera, berta bizimodu egokiagoa izan dezaten. Horretaz gain, Inofitako errefuxiatu kanpamenduko eskola ere lagundu nahi dute.