Ongizate departamentuak diru laguntza berri bat aurkeztu du, herriko familiei oinarrizko hainbat gastutan arintzeko asmoarekin. "Krisi garai hauetan familia askok zailtasun ekonomikoak dituzte, eta haiei laguntz ematea dugu helburu", nabarmendu du Ongizate zinegotzi Gloria Vazquezek. Horretarako 125.000 euroko "kopuru inportantea" bideratuko dute, "familientzat lagungarri" izan dadin.
Aurreko urtetan abian jarritako eskolako materialen inguruko diru laguntza litzateke, baina hainbat berritasun txertatuta. Laguntzen barruan sartuko dira ikasturtean erabiliko den eskola materiala, kirola egiteko oinarrizko materiala eta klubeko kuota. Aurten, gainera, liburuetan egiten den gastua ere barneratuko dute. Horiez gain, beste kontzeptu batzuk ere finkatu dituzte:
- Goi mailako zikloko eta unibertsitateko ikasleen desplazamendu gastuak, zentroa etxetik 30 kilometro baino urrunago badago.
- Guraso bakarreko familiek umeak zaintzeko norbait kontratatzeko.
- Etxeko mantenurako gastuak. Pobrezia energetikoarekin lotura eginez, argia eta gasa ordaintzen lagunduko dute. Baita udal tasak –ura eta zaborra– ordaintzeko ere.
Errenta familiar estandarizatua erabiliko dute diru laguntza hauek emateko orduan. "Ez da kontuan hartzen familiak duen oinarrizko errenta bakarrik, beste indize batzuk ere bai: seme-alaben kopurua, guraso bakarreko familiak eta seme-alabek elbarritasunaren bat duten", adierazi du Ongizate zinegotziak. Parametro horiek kalkulatuta, gehienez ere 14.500 euroko errenta familiar estandarizatua dutenek izango dute laguntza jasotzeko aukera
Ikastetxeen bitartez laguntzaren deialdia helarazi zaie familiei. Horretaz gain, oinarriak eta eskaera orria zintzilikatu dituzte Zarauzko Udalaren webgunean. Eskariak Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu daitezke, eta horretarako azken eguna urriaren 28a izango da