Ia lau urte zeramatzan ezer filmatu gabe Telmo Esnalek (Zarautz, 1967), Donostia 2016 eta Moriarti ekoiztetxearen ekimenez Kalebegiak film kolektiboan parte hartzeko gonbita egin ziotenean. Asier Altunarekin batera Donostia ardatz izango zuen film labur bat egitea zen premisa. Koldo Almandoz (Donostia, 1973), aldiz, lan bikoitzarekin da Zinemaldian. Kalebegiak proiektuan parte hartu du, eta Sipo Phantasma aurkeztu du Zabaltegi-Tabakalera sailean. Orain arte filmak egindako bidearekin «aurreikuspen guztiak bete» ditu: «Film honek bere dibisioan jokatzen du, zinema esperimentalaren esparruan. Zinemaldiaren ostean zirkuitutxo bat osatuko dugu: Valentzia, Bartzelona, Madril... Eskariak jaso ditugu Caliko eta Leipzigeko zinema jaialdietatik ere. Bere bidetxoa egiten ari da».
Kalebegiak proiektua esku artera iritsi zitzaizuenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?
TELMO ESNAL (T.E.): Nire lehen erreakzioa atzera egitea izan zen, ez nuen argi ikusten kontua. Asierrekin [Altuna] hitz egin eta biok ere nahikoa mesfidati ginen. Kontua zen zer eta nola kontatu argi izatea...
Zergatik mesfidati hasieran?
T. E. : Donostiak 2016ren inguruan egon dira gorabeherak, kultura ulertzeko moduak eta abar, eta zalantza genuen. Baina Mitxel Gaztanbide eta Jorge Gil egitasmoaren gidariekin hitz egin genuen, eta pentsatu genuen merezi zuela egoteak.
KOLDO ALMANDOZ (K.A.): Nire zalantza zen zer kontatu. Ez neukan garbi zein historia egin nezakeen Donostiaren inguruan. Baina, burura etorri zitzaidanean zein film egin nezakeen, animatu egin nintzen, eta gogoa sartu zitzaidan ideia gorpuzteko. Nik duda nuen istorio horrek pasatuko ote zuen galbahea, baina baiezkoa eman zidaten, eta aurrera.
Itsasoa, estropadak eta fatalitatea dira Iraila-ren hariak. Zuk, aldiz, Koldo, sarkasmoa hautatu duzu. Zergatik zuen aukeraketak?
T.E.: Gu hasieran beste ideia bat jorratzen hasi ginen. Uste genuen egokia zela, baina denbora batera konturatu ginen ez zuela nahikoa indarrik. Gaztanbidek berak lehenago aipatua zigun gure filmografian falta zela estropadekin zerbait egitea. Aspalditik genuen ideia bat ikusi genuen oso ondo koka zitekeela estropaden festa giro horretan, eta hortik tira genuen. Festaren eta bakardade sentsazioaren arteko kontraste hori landu nahi genuen.
K.A.: Narciso-k kontatzen duena aspalditxotik nuen buruan. Niri erakargarria egiten zitzaidan bere buruari larrua jotzen dion pertsonaren istorioa; askoz gehiago ezin nezake kontatu... Ideia hori egokitu nuen Donostia ardatz izango zuen testuinguru horretara.