Kluben Arteko Espainiako Txapelketa jokatuko dute egunotan Zarauzko golfean

Zarauzko hitza 2016ko irailaren 21a

El Prat taldeko Edouard Rousaud glflaria (rfegolf.es)

Hilaren 22an hasi eta 25era arte iraungo du, bihartik igandea bitartean, eta, guztira, 19 taldek hartuko du parte.

Zarauzko Real Club de Golfen mendeurrena dela eta, elkarteak hainbat jarduera eta ospakizun egiten ari da urte osoan. Horren harira, Kluben Arteko Espainiako Txapelketa antolatu du datozen egunetarako. Irailaren 22tik 25era jokatuko da, bihartik igandera, baina ongietorriko ekitaldiekin gaur arratsaldean hasiko dira.

Guztira, 19 taldek eman dute izena, eta talde bakoitza lau jokalariz osatuta egongo da. Parte hartzaileen artean, iazko txapeldun Asturiako Castiello (Juan Garcia-Ochoa, Miguel Diaz-Negrete, Antonio Parga eta Alejandro Salinas) eta txapeldunorde Bartzelonako El Prat (Alejandro Larrazabal, Eduard Rousaud, Victor Garcia-Broto eta Jorge Feliu) lehiatuko dira. Hasiera batean, bi horiek dira garaipen lortzeko faborito nagusiak; Madrilgo Campo Villa ere kontuan hartzeko taldeetako bat izango da. Era berean, Zarauzko Real Club de Golfek bere taldea aurkeztuko du: Iñigo Lilly kapitainaren gidaripean ariko dira Iñaki Enparanza, Jose Maria Bilbao, Alejandro Arregi eta Ion Ander Corral.

Egitaraua modu honeta finkatu dute: stroke play sailkapen itzulia egingo dute irailaren 22an; final-laurdenetako kanporaketak irailaren 23an; finalerdiak irailaren 24an; eta finala irailaren 25ean. Sari banaketa saioa azken egunean izango da, 19:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide