Legebiltzarrerako hauteskundeak

Pili Zabala: «Saiatuko gara, nola edo hala, erabakitze eskubiderako bidea lege barruan egiten»

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 20a, 09:23

Pili Zabalaren irudia (A. Iturbe Cardona/Berria.eus)

Hodei Iruretagoienak Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia elkarrizketatu du Berria egunkarirako.

Politikako lehen lerrora jauzi eginda, kanpainan bete-betean sartuta dabil Pili Zabala (Tolosa, Gipuzkoa, 1968). Elkarrizketa eta elkarrizketa artean hartu du Berria ere [irailaren 14an egina da elkarrizketa], Donostian.

Elkarrekin Podemos zein helbururekin aurkeztu da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara?
Asmoa da erakundeetara iristea, jendearen ahotsa eta beharrak entzuteko, inor atzean gera ez dadin. Gure aurreneko lehentasuna enplegua da. Kalitatezko enplegua, gizarte segurantza ziurtatzeko. Bigarrenik, eskubide sozialak bermatzea, autogobernu handiagoa lortuta. Bakearen arloan, denon artean lortu behar dugu eredu bat, bakea eta bizikidetza behingoz errealak izateko. Eta erabakitzeko eskubidea; arlo askotan, ez bakarrik lurralde ereduan.

Eskubide sozialak bermatzeko, polizia fiskala sortzea da zuen proposamen bat. Zer da hori?
Berregituratze bat. Goi mailako funtzionarioak baditugu, baina prestatu behar dira ikuskaritzarako. Tresnak badituzte, iruzur fiskala atzeman liteke. Desagerrarazi behar da. Diru sarrerak bermatzeko errentaren iruzurrerako badugu halako zerbitzu bat. Horretarako bai, besterako ez?

Diru sarrerak bermatzeko errentaren zabaltzea aipatu duzue. Nahikoa litzateke iruzur fiskaletik ateratako diruarekin?
Gure kalkuluen arabera, bai. Egun, 65.000 familia unitatek jasotzen dute diru sarrerak bermatzeko errenta. Ikerketek diote 130.000 pertsona daudela pobrezia arriskuan. 65.000 unitate horientzat bideratzen dira 460 milioi euro. Bikoitza badaude pobrezia arriskuan, 800 milioi euro behar genituzke. Ignacio Zubiri katedradunak dioen bezala, 2.320 milioi euro atera litezke iruzur fiskaletik. Baditugu tresnak; daukaguna ondo kudeatzea da gakoa.

Esango dizute hori ondo dagoela, baina ez dela nahikoa ekonomia suspertzeko...
Horretarako, gure apustua da produkzio eredua aldatzea. Eraikinak, etxebizitzak berritzea, adibidez. Horrela, energia aurreztuko genuke, eta kalitatezko enpleguak sortuko genituzke. Gero, argi dago ekonomia sozial eta solidarioaren eredua Euskadin oso barneratuta daukagula, eta kooperatibak zabaltzeak sortzen duela aberastasuna. Autonomoentzat, ekintzaileentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat laguntzak ere eman nahi ditugu. Industrian, politika egokiak behar dira: inbertsioak ezin dira inongo bermerik gabe etorri. Ziurtatu behar dute bertan geratuko direla. Eta alde egiten badute, jaso dituzten laguntzengatik kuota bat ordaindu behar lukete.

EAJren eredua kritikatu duzue, esanez hau ez dela «oasi» bat. Pablo Iglesiasek, aldiz, eredu gisa jarri izan du jeltzaleek ongizate ereduren arloan egindakoa.
Hemen beste egoera bat dago, bai, [Espainiako Estatuko] beste erkidego batzuekin alderatuta. Hemen, gizarte politika aitzindaria izan zen 1990eko hamarkadan. Euskadi hartaz hitz egin zuen Iglesiasek. Egun, ikusten dugu hori ez dela hala. Euskadiren gisako per capita errenta duten Europako herrialdeek zerbitzu hobeak dituzte. Begiratu diezaiogun Europari, eta ez gelako azken ilaran daudenei.

Elkarrizketa osorik irakurtzeako: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide