Mugikortasun Astearen barruan antolatu dute bilera. 19:00etan izango da, udalbatza aretoan, eta bertan Xabier Txurruka alkate eta Hirigintza arduragunak azpiegitura horren nondik norakoak azalduko dizkie Azken Portu Goiko auzotarrei. Hain zuzen, alkateak zein bizilagunek hainbat bilera egin dituzte urtebetean Salbide eta auzo hori lotuko dituen igogailuaren proiektua osatzeko. Txurrukak gogoratu du "EAJk Azken Porturekin oraindik bete gabe zuen promesa bat" dela, eta "alkatetzara heldu bezain pronto" jarri zirela lanean agindutakoa betetzeko.
Bizilagunei aurkezteaz gain, udalak Etxebizitza Zuzendaritzari ere aurkeztuko dio igogailuen proiektua. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak udalei eraikinen eta hirien irisgarritasun planak zein irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten laguntzeko diru-laguntza lerroa sortu du, eta deialdia egin. Horren barruan sartzen dira baita ere igogailuak egiteko laguntzak. Horregatik aurkeztuko dio proiektua Etxebizitza Zuzendaritzari, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko "horren garrantzitsua" den obra burutzeko, hain zuzen ere.