Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean jarri zuten abian aztarna ekologikoari buruzko webgune berria. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak gogoratu du lehendik udalak bazuela ataria, baina bultzada emateko berritu egin dutela; Ingurumen departamentuak jarri du abian eta Arazi enpresak garatu du. Webguneak "harrera ona" izan du; 1.000 zarauztar inguruk bisitatu dute ataria. "Datu ona da, kanpainak eragina izan duen seinale".
Webgune berria sustatzeko, kanpaina bat jarri zuten abian. Aztarna ekologikoa zer den ulertarazteaz gain, helburu nagusia herritarrak kontzientziatzea da, klima aldaketarekin lotuta, herritarrak ohartaraztea euren bizimoduak ingurunean duen eraginaz. Eragin hori neurtzeko, atariaren bitartez inkesta bat egiteko aukera izan dute herritarrek, neurtzeko norberaren aztarna ekologikoa zenbatekoa den. "Zarauztar bakoitzaren aztarna ekologikoa 4,3 hektareakoa da. Munduko biztanle guztien kontsumo maila zarauztarron parekoa balitz, 2,5 planeta beharko lirateke", nabarmendu du Vazquezek. Kopuru horrek alarma guztiak piztu dituela dio, ohiturak aldatzeko datu hori murrizteko.
Horregatik, aztarna ekologikoa kalkulatzeaz gain, inpaktua murrizteko aholkuak ere bildu dituzte atarian, Araziko teknikari Nerea Ibañezen esanetan. "Erlo telebistan iragarkiak eman dituzte eta herrian kartelak jarri dira inpaktu hori murrizteko egunerokoan zer egin azaltzeko. Modu aktiboan irtenbideak bilatzeko, hain zuzen ere". Gogoratu du euren aztarna ekologikoa kalkulatu dutenek, emaitzez gain, diploma ere jaso dutela, eta horrekin aholku zerrenda ere. Inkesta erantzun dutenen artean zozketa egin dute eta honakoak izan dira irabazleak: Nagore Etxabe eta Rita Aldabaldetreku. Bakoitzak bertako produktuak erosteko txekea jaso du. baserritik.com webgunean agertzen diren produktuekin otarra osatuko dute, 100 euroko balioarekin. "Bertako produktuak kontsumitzea aztarna ekologikoa murrizteko neurrietako bat delako", adierazi du Ibañezek.
Bigarren pausoa
Webgune berria martxan jartzea izan da lehenbiziko pausoa, eta bigarrengoa gaia ikasleekin lantzea izango da. Ikasturte berriarekin eta Agenda 21aren barruan, ekitatea eta klima aldaketa gaia landuko dute. Kanpainan barruan txertatuta egongo da webgunea, eta haurrek parte hartuko dute inkestan. Vazquezek jakinarazi du inkesta bakoitzeko 2 euro jarriko direla, eta bildutako dirua GKE bati emango diotela. Oraindik ez dute zehaztu, baina haurtzaroa eta garatze bidean dauden herrialdeetan proiektuak garatzen dituen elkarte bati bideratuko diotela aurreratu du Ingurumen zinegotziak. "Gure aztarna 2,5 planetakoa bada, garatzeko bidean dauden herrialdeetan 1 baino gutxiagokoa da. Oreka bat bilatu behar da, ez baita posible guk hainbeste kontsumitzea eta beste herrialde batzuetan beharrak asetuta ez egotea", nabarmendu du Vazquezek.