Aurten ere Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du udalak, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu, Mugikortasun adimentsua, ekonomia indartsua lelopean. Zarauzko Zikloturista Elkartearekin elkarlanean, Txirrindulari Txikien Eguna egingo dute larunbatean.
Lizardi Institututik abiatuko dira 11:00etan, eta mailekoan amaituko dute, Galtxagorri elkartearen parean; hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da, eta nahitaezkoa izango da kaskoa jantzita eramatea. 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako bizikleta martxa da, eta amaieran hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei. Horrez gain, hiru bizikleta zozkatuko dituzte.
Datorren astean, Zarauzko Udaltzaingoak bide heziketako saioak egingo ditu. Irailaren 20an, asteartean, saio bat egingo du errepidean, DBH 1 eta 2ko ikasleekin; eta irailaren 21ean, asteazkenean, beste bat egingo du LH4 eta LH6ko ikasleekin, Lege Zaharren enparantzan. Biak 18:00etan izango dira. «Astearteko saioan errepidean bizikleta eta kotxeen arteko errespetuzko hartu-emana bultzatzeko lanean jardungo dute», jakinarazi du Mugikortasun eta Udaltzain zinegotzi Maite Garrastazuk. Asteazkenean, berriz, «gune partekatuetan bizikleta, patinetea eta oinezkoen arteko errespetua zein garrantzitsua den ikasiko dute gaztetxoagoek». Saioak grabatu eta Erlo Telebistan eskainiko dituzte, herritarrak kontzientziatzeko asmoz.
Osteguna, hilaren 22a, Nire Autorik Gabeko Eguna izango da, eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, herri barruko autobus zerbitzuak doanizango dira egun osoan. Gainera, haurrentzako Mugikortasun Parkea jarriko dute Lege Zaharren enparantzan, 18:00etatik 20:00etara.
Hainbat berritasun
Mugikortasunari begira, Mugi txartela tramitatzeko aukera izango da urriaren 3tik aurrera Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta autobusaren 3. linea martxan izango da azarotik aurrera. Horiez gain, apiriletik San Pelaioko tren geltokian ibilbide luzeetarako autobusetarako txartelak erosteko makina dagoela gogoraratu du Garrastazuk. «Alsa konpainiarekin ere adostasun batetara iritsi gara eskaerarik balego, autobusak Zarautzen sartzeko».