Hilaren 23a bitartean eman daiteke izena Udal Euskaltegian

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 13a

Euskara zinegotzi Nekane Iribar eta Zarauzko Udal Euskaltegiko zuzendari Rakel Makazaga (Zarauzko Udala).)

Urtero bezala, hainbat ikastaro antolatu dituzte euskara ikasi eta indartu nahi dutenentzat.

Zarauzko Udal Euskaltegiak ikasteko bi modu eskaintzen ditu: aurrez aurreko taldeetan edo autoikaskuntzan, on-line bidez. Bietan A1etik C1era arteko euskalduntze maila guztiak egiteko aukera dago, A1etik C1era. C2 maila, berriz, autoikaskuntzan ematen da.

Aurrez aurreko taldeak egunean bi orduko eskolak izaten dituztela azaldu du Udal Euskaltegiko zuzendari Rakel Makazagak. Oinarrizko mailetakoak astean lau egunetan, eta maila aurreratuan eta adituan astean hiru egunetan. Klase hauek astelehenetik ostegunera izaten dira.

Autoikaskuntzan, oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izango dute, ordubetekoa, eta maila aurreratukoek eta adituen mailakoek hamabostean behin. Eguna eta ordua ikaslearekin adosten du tutore bakoitzak. Horretaz gain, astero ordubete edo bi orduko mintza-saioa ere izango dute, taldean.

Udal Euskaltegian izena emateko azken eguna hilaren 23a izango da. Horretarako euren egoitzara (Iturribidea 28-30) jo daiteke, euskaltegia@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edo 943 13 11 53 / 943 83 50 84 telefono zenbakietara deitu.

Agiriak eta bekak

Euskaltegiko ikasleek Euskara agiriak lortzeko azterketa egiteko aukera ere izaten dute apiriletik aurrera: maila aurreratukoek B1 eta B2koa, eta adituen mailakoek C1 eta C2ekoa. Oinarrizko mailakoek A1 eta A2ko agiria lortzeko aukera izango dute, azterketarik gabe, urte osoko ebaluazio jarraituaren bitartez. B1eko agiria lortzeko azterketak aurten ere, iaz bezala, ekainean izango dira. Eta bigarren azterketa deialdia, beti bezala, urritik aurrera izango da.

Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek beka sistemari buruzko xehetasunak eman ditu: "Udalak euskara ikasten ari denari matrikularen %75 itzultzen dio, baldin eta klaseen %80ra etortzen bada. Ikastaroan zehar langabezian daudenei %100 itzultzen dio. Horretaz gain, HABEren azterketaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da".


Bestelako eskaintzak

Aurten ere, udal langileen trebakuntzarekin ere jarraituko du Udal Euskategiak, Euskara departamentuarekin elkarlanean. Jubilatu taldeak ere izango dira, eta aurten Euskaltegian bertan eman beharko dute izena. Gizarte zerbitzuetako departamentuko Inmigrazio eta kultur aniztasuneko teknikariarekin elkarlanean, AISA-Harrera ikastaroa ere antolatuko dugu, herrira iritsitako etorkinak euskara ikasten hasteko, eta Udalaren hainbat zerbitzuren berri jasotzeko. Era berean, Mintzalaguna egitasmoarekin jarraituko dute

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide