Akordeoi Astea ospatuko dute datozen egunotan

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 13a

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertua, duela bi urte (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Jose Manuel Lopez madrildarrak gidatuko du aurtengo konposizio ikastaroa. Horrez gain, emanaldiak izango dira, ea Francisco Eskudero lehiaketako sari banaketa.

Akordeoi doinuak izango dira nagusi herrian, asteazken honetan hasi eta larunbata bitartean. Zarauzko XXX. Akordeoi Astea antolatu du Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, Zarauzko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta SGAE Fundazioarekin elkarlanean, eta urteroko ildoan ospatuko dute aurten ere.

Ohi bezala, akordeoi konposiziorako ikastaroa eskainiko dute Imanol Urbieta udal musika eskolan; aurretik matrikulatutako ikasleek hartuko dute bertan parte. Ikastaroarekin bihar hasiko dira, asteazkenarekin, eta ostiralera arte iraungo du, eta aurten Jose Manuel Lopez musikari eta irakasle madrildarrak gidatuko du. Saioak 15:00etatik 20:00etara izango dira egunero.

Datozen bi egunetan, berriz, emanaldien txanda izango da. Ostegunean, 20:00etan, Arrasateko Akordeoi Lehiaketako saridunek kontzertua emango dute Modelo aretoan. Honako hauek igoko dira oholtza gainera: Luis Arenosa eta Juan Arenosa, infantil mailan; Juan Matias, juniorretan; eta Queralt Morral, seniorretann.

Ostiralean, berriz, Phillipe de Ezkurra akodeoi-jotzaileak gidatzen duen Ezkurra Trio ariko da zuzenean; berarekin ariko dira Angel Unzu gitarrista eta Kike Arza kontabaxu-jotzailea. Emanaldia 20:00etan izango da, Musika Plazan.

Larunbatean, asteari amaiera jartzeko, Francisco Escudero Nazioarteko Akordeoi Lehiaketako sariak banatuko dituzte Modelon, 20:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide