"Arrakasta handia dute Aritzbatalde kiroldegiko ikastaroek, eta aurten ere jende asko animatu da izena ematera", adierazi du Kirol zinegotzi Iban San Martinek. Iaz bezala, aurten ere 80 ikastarotik gora ikastaro eskainiko dituzte, eta dagoeneko 1.033 lagun dira saioetan hasiko direnak datorren astetik aurrera. Irailaren 4an amaitu zen ikastaroen zozketan parte hartzeko epea, baina aste honetan ere izena emateko aukera izango da tokia geratu den jardueretan. Horrez gain, Aritzbataldeko eskaintzen eskuorria etxeetan banatuko dutela jakitera eman du San Martinek.
Gainera, ate irekiak egingo dituzte datorren astean, irailaren 19tik 24ra, eta kiroldegiak eskaintzen dituen kirol jarduerak nahieran probatzeko aukera izango du edonork. Horretarako, Aritzbataldeko sarreran bertan klaseetara sartzeko tiketak banatuko dituzte. Baina ez dira aste horretara soilik mugatuko. Aurrera begira ere, jarduerak probatzeko aukera urte osoan eskaini nahi dute.
Aquafitness bezalako uretako jarduerak, ordea, datorren hilean probatu ahal izango dira, igerilekuko lanak direla medio. Aurreratu dutenez, obrak ongi bidean doaz, eta aurreikusi bezala, urritik aurrera erabilgarri izango dira igerileku guztiak.
Jump, jarduera berria
Aurtengo berrikuntza nabarmenena Jump ikastaroa da, eta "harrera oso ona" izan duela azaldu dute. Ohe elastiko txiki baten gainean lantzen da, bereziki oreka landuz. Iratxe Araburu kirol teknikariaren hitzetan: "Oreka, koordinazioa eta norbere buruaren kontzientziazioa oso gutxi lantzen dira, eta jarduera berri honek gorputza pizten nahiz esnatzen laguntzen dizu. Eta, nola ez, sasoian jartzen. Alegia, ez da bat-batean bertan saltoka hasten. Oro har, pilates moduko zerbait da, baina modu dantzagarriago batean".
Jarduera probatzeko deia egin dute Aritzbatalde kiroldegitik, nahiz eta talde guztiak beteta dauden. Horretarako ordutegi bat finkatu dute: astelehenetan eta asteazkenetan, 20:00etan; astearte eta ostegunetan, 17:00etan; eta larunbatetan, 08:15ean.
Jumpeko eta beste ikastaro batzuetako taldeak beteta dauden arren, itxaron zerrendak asko mugitzen direla eta ikastaro berriak ere antolatu ohi dituztela nabarmendu zuen Aranburuk. "Jendearen eskaeraren arabera erreakzionatzen dugu". Bestalde, hainbat jardueretan tokia dago oraindik: aerobik, aquafitness, GAP, hipopresiboak, pilates, spinning, total trainning eta zunbako hainbat egun nahiz ordutegitan, alegia.
Edozein argibidetarako 943-00 51 23 telefonora deitu daiteke edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi. Era berean, herritarren zalantzak argitzeko doako kirol aholkularitza zerbitzua eskaintzen du kiroldegiak, begirale aditu baten eskutik, eta horretarako hitzordua eskatu behar da.
"Herritar aktiboak"
Zarauztarrak "herritar aktiboak izatea" dutela helburu nabarmendu du kirol teknikariak. "Gure asmoa ez da jendea kiroldegira etorri eta besterik gabe ikastaroetan izena ematea, baizik eta jarduera fisikorako ohitura hartzea". Horretarako, hainbat intentsitateko jarduerak prestatu dituzte –gorputza orekatzekoak, aktibatzekoak, indartzekoak eta uretakoak–, egun nahiz ordutegi aukera zabalarekin.
Gainera, herritar profil orori zuzendutako eskaintzak dituzte. "Herritarra esaten dugunean, bereziki pentsatzen dugu mugimenduan egoteko erraztasuna ez duena, ohiko kirol horretan jarduteko zailtasuna duena edo, besterik gabe, bere helburuak beste batzuk direna", dio Aranburu. Hori kontuan izanda, ondorengo jarduerak dituzte: 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako zunba eta igeriketa ikastaroak; haurtxoei zuzendutako asteburuetako ur jarduerak, orain asteazkenetan ere bai; 30 minutuko hipopresiboak, batik bat ama izan berri diren emakumeentzat; eta hirugarren adinekoei, behar bereziko herritarrei eta parkinsoneko gaixoei zuzendutakoak.
Herritarrak kirola egitera eta kiroldegian dauden zerbitzuak erabiltzera animatu ditu San Martinek, "profesional handiez osatutako lan taldea baitugu hemen". Horrekin batera, ikastaroak gidatzen dituzten BPXport Kirol Zerbitzuak enpresaren eta Zarautz Igeriketa taldearen lana eskertu du.