Garaipenarekin ekin dio ligari

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 12a

Amenabarren eta Cordobaen arteko neurketa (Luis Epelde).

Cajasur Cordobaren aurka 25-20koarekin irabazi zuen Amenabar Zarautzek, igande eguerdian, Aritzbataldeko kantxan.

Lehia parekatu izan zuten Aitor Urbitarte Txangurroren mutilek talde andaluziarren aurka. Lehen zatian oso berdinduta aritu ziren, baina zarauztarrak puntu bateko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira, 12-11koarekin. Bigarren zatiko lehenengo ordu laurdenean, ordea, aldea areagotzeari ekin zioten etxekoek, eta hamar minuturen faltan sei golen aldearekin jarri ziren markagailuan, 21-15koarekin. Hortik aurrera, egindako lanari eutsi zioten, partida 25-20ko emaitzarekin irabaziz.

Igande honetan, bigarren jardunaldian, Alarcos Ciudad Realen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Ciudad Realeko Quijote Arenan jokatuko dute, 12:00etan hasita.

Emakumezkoak Bilbora

Aiala Zarautzek asteburu honetan izango du ligako lehen norgehiagoka. Bilbon izango du partida, 17:30ean, San Adrianen aurka. Hain justu ere, elkarren aurko lehiatu dira asteburu honetan Euskadiko Kopako kanporaketan, eta 27-30eko emaitzarekin bukatu zen, bizkaitarren alde.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide