Euskal Jai Eguna izateaz gain, bihar (irailak 9) jai eguna ere badenez, jendetza biltzea espero da herrian. Hori dela-eta, kaleen, plazen, berdeguneen eta hondartzaren garbiketa areagotzea erabaki du udalak. Horretarako, udalaren beraren, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Foru Aldundiaren garbiketarako baliabide guztiak elkarlanean ariko dira, modu koordinatu batean, festa ondoren guztia lehenbailehen normaltasunera itzuli dadin.
Garbiketarako langile kopuru bikoitza ariko da lanean, 24 lagun, eta ohi baino makina gehiago erabiliko ditu garbiketako zerbitzuak: kale-garbigailu makina bat eta zisterna-kamioi bat gehiago, alegia. Bihar, 22:30ean, Munoan erromeria izango denez, langileak guztia garbitzeko sartuko dira plazara 20:00etan. «Herritarrei errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu nahi diet eta garbiketako langileei plazan sartzeko eragozpenik ez jartzeko», azaldu du Obretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek.
Lorategi eta berdeguneetako zerbitzua ere ariko da guztia garbitzen, batez ere, Iñurritzako zonaldean. Udal Elkarteak hondakin bilketa selektiboa indartuko du, jende gehien batzen den guneetan edukiontzi gehiago jarriz. Bere aldetik, Foru Aldundiak hondartzaren garbiketa zerbitzua areagotuko du larunbat goizean.
Paretetan pixa egitea ekiditeko
Aurten, paretetan pixa egitea ekiditeko, eraikinen garbitasuna bermatzeko produktu bat bota dute hainbat tokitan: Munoa azpialdean, Malekoiko arkupeetan, itsas pasealekuan eta Alde Zaharrean. Era horretan, pixak paretaren gainazalean errebotatu eta pixa eginean ari den hori bustiko du.. Gainera, komun publikoak izango dituzten bi kamioi egongo dira gune hauetan: Munoatik gertu, Duke Enea parean, Lege Zaharren enparantzan eta Iñurritzan.