Urtero Azpeitiko trikitilariak etortzen ziren Euskal Jaietan, eta gogoan dut mutil koxkorretan tren geltokira joaten ginela haien bila, goizean goiz herritik kalejiran hasteko. Nire aitari —Felix Alberdiri— bururatu zitzaion alkate jantzita haiei ongietorria ematera joatea, antzezpen modura», aditzera eman du Goiztiarrak taldearen bultzatzaile Patxi Alberdik.
1950ean atera zen Felix estreinakoz alkate jantzita, Aiako baserri batetik lortutako kapa eta kopazko kapelarekin. Gerora, herriko Irrintzi taldeko kideak gehitu zitzaizkion, garai bateko bestelako pertsonaia batzuk antzeztuz: mikeleteak eta apaiza kasu, eta Frontoi Txikiko saioa ere egiten hasi ziren. «Tarte horretan ni neu ere atera nintzen pare bat urtetan, baita nire anaia ere». Alberdi ez da oroitzen zenbat urtez iraun zuen ohitura hark. Kontua da ondoren egiteari utzi ziotela, eta 25 bat urtez egin gabe egon zela.
Atzera, 1990ean, berreskuratzea erabaki zuten. «Urte batean, lagun batzuekin ardi larrua soinean eta adarrarekin atera ginen, eta egundoko goiz ederra pasatu genuen. Taldetxo bat osatu genuela ikusita, hurrengo urterako garai batean egiten zen hura berriz hartzea proposatu nien, eta gaur egun arte». Nolabait esateko, aitaren lekukoa hartu zuen Alberdik: «Alkate jantzia etxean geneukan, eta gutxi gorabehera mikeleteenak nondik lor nitzakeen ere banekien. Horrekin batera, pilotari, bertsolari eta beste pertsonaienak bilatzen hasi ginen».
Urte luzez alkate gisa atera ondoren, Urtzi Alberdi semeak heldu zion pertsonaiari, eta duela hiru bat urtetik hona, Joxe Mari Errotagaña arduratzen da. Alkate jantzia eramatea ez dela batere lan makala aitortu du: «Kapa horrek sekulako pisua du, eta azpitik trajea eramaten da. Eta ez da gaur egungo traje fin horietakoa, lehengoko lodi horietakoa da. Hori guztia jantzita, izerditan blai eta neka-neka eginda bukatzen da».
26 urte eta gero, Alberdik taldean jarraitzen du. «Orain, indiano bezala ibiltzen naiz, eta argazkilari gisa ere atera izan naiz». Hala ere, badu halako kezka bat: «Beldurra ematen dit, uzten baldin badut, agian hor moztuko da ohitura hau. Nahiz eta jakin badakidan jende oso fidela dugula taldean, urtero animatzen dena eta festa hau asko bizi duena».
Goizeko giroa bultzatzen
Euskal Jaietan kalera irteten lehenengotarikoak izaten direnez, Goiztiarrak izena jarri zioten taldeari. «Festa hauek goizetik gozatzea gustatzen zaigu guri. Euskal Jaietako goiza sekulakoa da guretzat. Gero, arratsalderako jada, bere onetik ateratzen da guztia, eta ez zait gehiegi gustatzen, baina, tira! Gaur egun horrela da».
Hain zuzen ere, Euskal Jai Eguneko «goizari bultzada bat ematea» izan zen Goiztarrak taldearen hasierako helburu nagusienetako bat. «Garai batean izaten zen goizeko jai giroa ezagutu genuenok hutsune bat zegoela ikusi genuen. Urte askoan, ordea, eguerdira arte ez zen ezer izaten, joaldunak edo dultzaineroak salbu. Nolabait ere, ez zegoen girorik herrian». Egitasmoarekin hasi zirenetik, finkatutako helburua bete dutela uste du Alberdik, eta aurten ere ez diote hutsik egingo hitzorduari.
Udaletxe aurrean elkartzen dira, 08:00etan, eta antzinako ohiturari jarraituz, kalez kale ibiltzen dira garaiko pertsonaiak irudikatuz. Musika Plazatik barrena abiatuz, Aritzbatalde kiroldegiraino joaten dira elkarrekin, eta Zelai-Ondo auzoa zeharkatu ondoren, Gipuzkoa kaletik herrigunera joaten dira, berriro ere Musika Plazara. Ordubete pasatxoko ibilbidea osatu ondoren, eta 10:30eko mezatara joan aurretik, Euskaldun Tabernan gosari-hamaiketakoa egiten dute.
Frantziskotarren elizatik ateratakoan, Frontoi Txikian ekitaldia antolatzen dute, pilota partida, sokatira eta bertsolariekin. «Jai giroan elkartzen gara, eta gerturatzen direnei txakolina banatzen diegu. Egia esan, herritarrek ongi erantzuten dute. 200 aulki inguru jartzen ditugu, eta ia denak betetzen dira». Frontoi Txikiko saioa bukatuta, Kale Nagusitik barrena joaten dira kantuan, trikitilarien laguntzarekin.
Alkatea, mikeleteak, apaiza, pilotariak, bertsolariak, idazlea, sendagilea, postaria, barkilleroa, indianoa, garaiko emakumeak... 30 lagun inguruk hartzen du parte, «baina dozena bat izaten gara hasierako ibilbidea egiten dugunak». Ezagunen artean osatutako taldea da, baina animatu nahiko luketen guztiei irekita dagoela gaineratu du Alberdik: «Zenbat eta gehiago izan, hobe!».