Duela hilabete batzuk departamentu berri bat sortu zuen udalak, herrian egiten diren ekitaldi guztiak koordinatzeko. Orain arte, departamentu bakoitzak –Turismok, Kulturak eta Kirolak, kasu– bere aldetik ematen zuen jakitera bere agenda, baina aurrerantzean ekitaldi guztiak agenda bateratu bakar batean argitaratuko dituzte hilero. "Udaleko departamentu ezberdinetatik antolatzen direnak ez ezik, herriko taldeek ere antolatzen dituztenak ere jasoko ditu", adierazi du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. Era berean,
Autobus geltokietako paneletan eta udalaren ohiko iragarki tauletan dagoeneko ikusgai dago agenda berria. Horrez gain, liburuxka formatuan ere argitaratuko dute, herriko hainbat tokitan eskuratu ahal izango dena; tabernetan eta okindegitan, esaterako. Agenda ulerterraza egiten saiatu direla nabarmendu du Larrañagak, eta poltsikoan eramateko moduko da.
Diseinu erakargarria egin nahi izan diote, eta hilero kolore ezberdinetan joango dela aurreratu du Turismo zinegotziak, "sasoi bakoitzaren arabera, kolore indartsuagoak edo ilunagoak erabiliko ditugu". Irailekoa, esaterako, gorria da, eta iraileko I hizkiaren barruan dantzari baten hanken argazkia txertatu dute.
"Pauso garrantzitsua"
"Agenda bateratuari esker, espero dugu herria gehiago dinamizatzea eta herritarrak antolatatzen diren gauzen berri izatea. Ohartzen ginen herrian gauza asko egiten zirela, baina jendeak ez zela horren jakitun. Beraz, honekin pauso garrantzitsu bat ematen dugu zentzu horretan", dio Larrañagak
Hurrengo hilabeteko ekitaldien berri emateko edo agenda posta elektronikoz jasotzeko, agendazarautz@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Turismo bulegoaren webgunetik ere jaitsi daiteke. Larrañagak aurreratu duenez, agenda sakeleko telefonoetan eta tabetatan ikusi ahal izateko APP bat sortzeko asmoa dutela datorren urteari begira.