Gazteaukera atariak eta Basque Team Fundazioak elkarlanean antolatutako Gazte Olimpic Team lehiaketari esker, Rioko Paralinpiar Jokoak gertutik bizi eta blogari gisa euskal kirolarien berri emateko saria lortu dute hainbat gaztek. Hautatuetako bat Urko Zabala (Zarautz, 1992) da, eta aste honetan abiatuko da Brasilera, ekitaldiak jarraitzera.
Aukeratuetako bat izan zara, baina nola izan zenuen lehiaketaren berri?
Iazko urria-azaroan irakurri nuen sare sozialetan lehiaketa bat jarri zutela martxan, eta epea abenduan bukatzen zela. Idatzi bat edo bideo bat bidali behar zen, eta une horretan, ezer galtzekorik ez neukanez, parte hartzera animatu nintzen. 70 lagunetik gora aurkeztu ziren, eta zortzi aukeratu gintuzten, lau Olinpiar Jokoetarako eta beste lau Paralinpiar Jokoetarako. Ni Paralinpiar Jokoetarako hautatu ninduten.
Nola izango duzue egituratuta hango egonaldia? Zer izango da zuen zeregina?
Irailaren 10ean abiatuko gara, eta astebat pasatuta, irailaren 18an itzuliko gara. Gure lana izango da Paralinpiar Jokoetan parte hartuko duten EAEko kirolariak jarraitzea. Egunero Gazteaukeraren blogean idatzi beharko dugu, eta bi egunetik behin bideo bat igo. Horrez gain, Instagrameko kontuan argazkiak jarriko ditugu, eta sare sozialen bitartez blogean idatzitakoa zabalduko dugu.
Kazetari lanetan ariko zara, nolabait esateko?
Hori da, bai. Ez da nire arloa, baina... Izatez, Lehen Hezkuntzan nago graduatuta, eta Gorputz Hezkuntzan aipamena dut. Horrez gain, master bat dut egina Hezkuntza Premia Berezietan. Alde horretatik, kirola eta behar bereziak uztartzeko aukera edukitzea ongi datorkit, bai pertsonalki bai profesionalki. Kirola oso gustuko dut, eta behar berezitarako formakuntza dudanez, ezin hobeto etorriko zait esperientzia hau. Olinpiar Jokoak eta Paralinpiar Jokoak kirol arloan gorenean dauden ekitaldiak dira. Nik uste dut munduko kirolari onenak ikusten ere asko ikasi dezakedala. Zalantzarik gabe, aukera paregabea da niretzako.
Ezusteko itzela jasoko zenuen bertan izango zinela jakinarazi zizutenean, ezta?
Ez nuen inola ere espero. Idatzia epearen azken egunean aurkeztu nuen, eta zorionez aukeratu egin ninduten. Telefonoz deitu nindutenean ezusteko galanta jaso nuen. Hasieratik esan zidaten Paralinpiar Jokoetarako izango zela. Nik uste dut nire formazioak zerikusia izango zuela haiek erabakia hartzeko orduan.
Baina, aukeran, Olinpiar Jokoak ez al dira erakargarriagoak?
Beharbada, Olinpiar Jokoak ikusgarriagoak dira. Jendetza mugitzen dute, eta Usain Bolt edo Michael Phelps bezalako kirolariak ikusi ahal izatea kristorena izan behar du. Aldiz, Paralinpiar Jokoak ez ditugu ezagutzen, eta ondorioz ez ditugu behar beste baloratzen. Ezezagunak baldin badira ere, gainditze eta hobetze pertsonal ikaragarria dago horien atzean. Niri deigarria egiten zait hori guztia, eta inspirazio iturri dira.
Hala ere, ez zaie oihartzun handirik ematen. Hutsune hori betetzera al zoazte?
Hori ere bai. Paralinpiar Jokoak pixka bat alboratuta dauzka gizarteak. Ez du Olinpiar Jokoak bezainbeste erakartzen, baina horrek ez du esan nahi kirolari horiek ez direnik punta-puntakoak. Zentzu horretan, bete egiten nau apenas jarraitzen diren kirolariei oihartzuna eman ahal izateak. Azken finean, guztiok ere aukera berdinak edukitzeko. Kirolari paralinpiarrek urteak daramatzate sekulako prestakuntza egiten, eta haiek ere merezi dute oihartzuna izatea komunikabideetan.
Eta zein izango da zuen egunerokoa Rion?
Esan digutenez, Paralinpiar hiribildutik gertu hartuko dugu ostatu. Kirol ekitaldi ezberdinak ikusteko aukera izango dugu, baita euskal kirolariekin hitz egiteko aukera ere. Olinpiar Jokoak jarraitu dituztenak Maialen Chourrautek eta beste batzuekin egon dira, eta guk ere abagune bera izango dugu.
Zehaztu al dizuete zer kirol ikusiko dituzuen bertan?
Ez, oraindik ez. Sarrera batzuk emango dizkigutela esan digute, euskal kirolariek parte hartuko dutenetarako, baina ez digute zehaztu zein ekitalditarako izango diren. Dena dela, Olinpiar Jokoetan ez bezala, Paralinpiar Jokoetan ez dugu horrenbeste arazo izango gure kontura beste edozein kirol ekitalditarako sarrerak erosteko. Azaldu digutenez, sarreren %12 bakarrik saldu dituzte oraingoz, eta pentsatzen dut ez dela masifikatuta egongo.
Zer itxaropenekin zoaz?
Jokoetan kirolari bezala parte hartzeko aukerarik ez dudanez, ikusle gisa joan ahal izatea sekulako abagunea dela iruditzen zait. Aprobetxatu beharrekoa, kirolzalea ez dena ere lau urtetik behin telebista aurrean jartzen da Jokoak ikusteko. Eta hori bertatik bertara jarraitu ahal izatea sekulakoa izango da. Are gehiago Brasil bezalako herrialde erakargarri batean.