"Aurreko agintaldian auzokideek salatu zuten, arrazoi osoarekin, auzoa abandonatuta zegoela. Itxasmendik jada utzi dio auzo ahaztu bat izateari Zarauzko Udalarentzat". Halaxe adierazi zien alkateak auzo elkarteko kideei, Itxasmendi auzoan egindako azken lanak eta batez ere biribilgune berria berrikusteko asmoz eginiko bisitan.
Auzokideek gogorarazi zuten auzorako sarrera-irteera hobetzeko biribilgune bat eraikitzea "eskakizun historikoa" zela, urteetan hainbat aldiz eskatu izan dutena. Txurrukak duela urtebete hartu zuen biribilgunea 2016ko udarako eraikitzeko konpromisoa, eta urtebetean "agindutakoa bete" dutela nabarmendu zuen. Sasoi Erakuntzak arduratu da biribilguneko lanez eta inguruko azpiegitura berritzeaz, baita bidegorri berria eraikitzeaz ere. Maiatzaren hasieran ekin zioten obrei, eta hiru hilabete iraun dute.
Bidegorria ikasturte hasierako
Amaitzear dira bidegorria berriko lanak. Udalak espero du falta zaizkion xehetasun txikiak ikasturtea hasi aurretik bukatuta egotea. Izan ere, "haur eta guraso asko dira eskolara bizikletan joaten direnak, eta haientzat guztientzat bide seguruak sortu nahi ditugu", azaldu zuen San Martinek. 300 metroko bidegorria izango da, Itxasmendiko biribilgunetik Araba eta Hegoalde kaleak lotzen dituen bidegurutzea bitartean, Araba kaleko lorategietan barrena.
Biribilguneaz gain, Araba kalea asfaltatu dute, Hegoalde kalera arteraino, baita Maria Etxetxiki kalea ere. Era berean, Itxasmendiko Auzo elkarteko ordezkariek modu "oso posititiboan" baloratu dute Haurreskola aurrean egokitutako zabalgunea. Uda sasoian aparkaleku gisa erabili da espazio hori, baina udalak asmoa du behin-behineko ekitaldietarako erabiltzea, zirkua eta halako ikuskizunetarako. San Martinen hitzeatn: "Iraganean auzoko kirol pistan kokatu izan da zirkua, eta horrek arazo nahiz kexa ugari sortu zituen. Pistaren ohiko erabilera oztopatuko ez duen alternatiba bat eskaintzea beharrezkotzat jotzen dugu".
Hobetzeko eskaerak
Auzoko ordezkariek, bide batez, auzoaren egoera hobetzeko zintzilik dauden gauzak azaldu zizkioten alkateari: besteak beste, auzoko bide eta aparkalekuen asfaltatzea, kirol pista hobetzeko beharra, Iñurritza ibaiaren bazterreko baranden pintaketa, argiztapena areagotzea gune jakin batzuetan eta hiri-altzarien egokitzea adinekoentzat. Alkateak eta Obra Txikien zinegotziak hobekuntza horiei heltzeko konpromisoa hartu zuten, Asfatatze Planaren eta Auzoz Auzo programaren bitartez.