Gaitzaz eta heriotzaz hitz egin dute Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazleak eta Felix Zubia (Zarautz, 1974) medikuak Arantxa Iraola Berriako kazetariarekin.
Beldurrik gabe hitz egin izan duzue biek, jendaurrean, gaitzaren eta heriotzaren inguruan. Nola hartzen du, oro har, jendeak?
Anjel Lertxundi: Nik ez dakit gauza hauek orokortu daitezkeen, baina euskal gizartea, bereziki, oso zurruna izan da bere sentimenduen agerpenean. Nolabait, zera, lizunkeria bat balego bezala sentimenduen agerpenean. Orduan, zailagoa egiten da, zentzu horretan. Eta, gainera, aitortza egiten duzun tokia ez bada urbe bat, ez bada metropoli bat, baizik eta gizarte txiki bat non gehienok elkar ezagutzen dugun, badago hor barrera bat zailagoa egiten duena. Baina gero badago, baita ere, barrera pertsonala; zuk zeuk nolako harremana izan duzun jorratu nahi duzun gaiarekin, eta hor zeure baitan ez badaukazu mekanismorik barrera hori puskatzeko, oso zaila izango duzu argitasun minimo batez aurrera ateratzea. Egia da gero eta gehiago estimatzen dituela gizarteak halakoak. Azkeneko nire liburuarekin [Zu, emazteari minbizia diagnostikatu ostean idatzia] ia nire ibilbide literario osoan baino oihartzun handiagoa lortu dut. Baina ez dator literaturaren mundutik soilik; dator, batez ere, sufritzen ari diren eta halako kasuren bat izan duten horietatik. Horrek erakusten dizu jendeak sentitzen duela premia gauza horiez hitz egiteko. «Zer gogorra idatzi duzuna», esango dizute. «Baina zer mesede egin didan».
Felix Zubia: Nik esango nuke badagoela premia bat honi buruz hitz egiteko, eta, batez ere, entzuteko. Nik bi edo hiru hitzaldi eman izan ditut gaiari buruz, ez gehiago, eta, eman izan ditudanetan, jendeak bukaeran asko eskertu du. Bi profiletako jendea dela esango nuke; batzuk dira heriotza oso hurbil duten pertsonak. Bigarrenik, 35-40 urteko jendea, esperientzia bat bizi izan dutenak, gurasoekin gehienak, esperientzia ez oso gozo bat, eta hori kanporatu edo azaleratu nahi dutenak; barruko korapilo hori hor daukatenak. Badago horri buruz hitz egiteko premia, baina ez dago non esan. Kalean, lagunartean, hasten bada, esango diote: «Orain ere gauza triste horiekin? Isilik egon hadi». Beraz, non adierazi? Eta badago horri buruzko mugimendu bat. Aulki hutsak dokumentalak egindako ibilbidea, esate baterako, hortxe dago.
Hemen dago irakurgai elkarrizketa.
Zarauzko Hitzak Zu kaleratu zuenean elkarrizketatu zuen Lertxundi. Beheko esteketan irakur daiteke.