Irabazi Zarautz udal taldeak mozioa aurkeztu zuten pasa den uztaileko osoko bilkuran, Astiko erabilera publikoa berreskuratzearen inguruan. EH Bilduk gogoratu du Udal Gobernuak, EAJk zein PSE-EEk, Astiko proiektua etetearen aurka bozkatu zutela, eta horrekin "proiektuarekin aurrera egiteko asmoa dutela" ulertu du koalizioak. Gaia "dagoeneko gehiegi pozoindu eta enkistatu da politikoki" eta Udal Gobernuari eskatu dio "lehenbailehen Astiko lanak martxan jartzeko, guztiok espazio horretaz gozatzeko aukera izan dezagun".
EH Bilduk nabarmendu du Astiko eremuak erabilera "guztiz publikokoa" izaten jarraitzen duela, "behin eta berriro kontrakoa zabaltzen saiatu arren". "Orain dela sei bat urte toki berean eraiki nahi zen olatu artifizialaren proiektua baino askoz ere inklusiboagoa, publikoagoa eta herritarrentzat irisgarriagoa izango da, gainera", zehaztu dute koalizioko ordezkariek. Astiko proiektuari dagokionez, berriz, merenderoa eta parrillak "edonorentzat erabilgarri" egongo dira eta enpresa onuradunak mantenduko ditu. "Komunak urte osoan zabalik egongo dira eta parkea eramu ireki modura mantenduko da, debekatuta egongo baita hesitzea", jakinarazi dute. Jatetxe-kafetegiak bere zerbitzua eskainiko duela diote, "lehen kantinak egiten zuen moduan, baina egoera askoz ere egokiagoan eta hobean".
Horrez gain, proiektuarekin ingurumen eta kultur ekintzak bultzatuko dituzte, EH Bilduren arabera. "Lotura zuzena izango luke etorkizun laburrean bultzatu nahi den Eraztun Berde-Urdinaren egitasmoarekin". Nabarmendu dute "eskaintza zabala eta sakona" dela, "urte osoan zehar eskoletako bisita pedagokigokoak jasotzeko prestatua eta adin guztietarako turismo aktibo eskaintzarekin osatzen dena". Gaineratu dute "errespetu falta izugarria" iruditzen zaiela udal taldeek "tirolina bat izango duen txiringito bat" bezala hitz egitea proiektuaz.
Pauso guztiak
Nabarmendu dute eskatu zitzaizkien pauso guztiak bete zituztela. "Beharrezko txosten guztiak eskatu genituen eta egitasmoa aurrera ateratzeko prozedura agindu bezala eraman genuen aurrera: Zarauzko Udaleko Hirigintza, Herrilan, Kontu hartzailetza, Idazkaritza eta Kontratazio mahaiak gai honen inguruko txostenak egin zituzten". Guztiak eskuragarri daudela gogoratu dute.
"Kasu honetan, ordea, enpresa onuraduna aurrekontuaren erdia jartzera konprometitzen da.
Aurrekontuaren erdia aurrezten du, beraz, udalak. Enpresa bati titulartasun publikoa izango duen
ekipamendu batean inbertitzeko eskatzen bazaio, logikoa da ondoren kontzesioa urte batzutakoa
izatea, inbertsio hori amortizatu dezan", azaldu dute. "Gauza bera gertatzen da, esaterako, herrian ditugun bi aparkalekuekin. Hauek 75 urteko kontzesioa dute. Honenbestez, nabarmendu nahi dugu enpresa pribatu bat dela, udalaren laguntzarekin, ekipamendu publiko batean inbertituko duena, zarauztar guztien
onurarako".
Zentzu horretan, ez dute ulertzen "zer dela eta egiten dituen alkateak kaja egin nahia bezalako akusazio larriak EH Bilduren aurka". "Zer kaja? Zein onura aterako du EH Bilduk honetatik
guztitik, zarauztarrek eta bisitariek lortuko duten onuraz aparte? Ez dugu ulertzen".
Kirol instalazioen harira
EH Bilduk dio Astiko kirol instalazioen proiektua aurreko agintaldian koalizioak berak bultzatu zuela. Uztaileko udalbatzarrari erreferentzia eginez adierazi du hori: «Osoko bilkuran Astiko instalazioak hobetzeko lau urtetan ezer egin ez izana leporatu zitzaion EH Bilduri. Hala ere, kargua hartu bezain pronto, alkateak ez zuen zalantzarik izan futbol zelaiak harrokeria guztiarekin inauguratzeko».
Adierazi du «kirol elkarteekin egindako elkarlanaren ondorioa» izan zela proiektua. «Errugbiko aldagelen hobetzea, gimnasio bat eta atletismoko pista bat izan ziren EH Bilduk aurkeztutako beste egitasmoetako batzuk, baina, bitxia dirudien arren, orain gobernuan dauden alderdiek plan guztiak atzera bota zituzten», gogoratu du.
EH Bilduren arabera, 2014-2015eko aktetan jasota dago «nola EAJk errugbiko aldagelak egitearen aurka bozkatu zuen, ez bazen atletismoko pista zirkular oso bat eraikitzen». Urtebete gobernuan egonda, EAJri «dena ahaztu» zaiola salatu du, aldagelak egitera baitoaz. «Zarautzek lau urtetan jasan behar izan duen oposizio oztopatzaile baten adibidea baino ez da hori».