Orga lehiaketa antolatu dute Euskal Jai Egunerako

Zarauzko Hitza 2016ko abuztuaren 1a

Ez dituzte onartuko saltoki handietako orgak. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako sailak antolatu du sariketa lehenbiziko aldiz, "festa girotzeko, herritarrek sormena landu eta karrozen ohituraren oinordeko horrekin jaia janzteko" helburuarekin. Era berean, garai bateko karrozen lehiaketako tradizioari eutsi eta formatu txikiagoko orgen inguruan sortzen den giroa balioan jarri nahi du udalak.

Parte-hartzaileek Zarautzen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Gaia librea izango da, baina beti ere, euskal kultura edota Euskal Jaietako ohiturekin lotura izan beharko du. Ez dituzte onartuko saltoki handietako orgak, eta horien bidez ezingo da publizitaterik egin.

Izena Turismo Bulegoan eman beharko da (Nafarroa kalea, 3), irailaren 8ko 16:00ak bitartean. Izena emandakoan, parte-hartzaile bakoitzak zenbaki bat jasoko du. Zenbaki hori bistan izan beharko da lehiaketa egunean.

Hamabi sari

Orga guztiak Lege Zaharren enparantzara eraman beharko dira irailaren 9an, 13:30ean. Une horretan izango da sari banaketa. Epaimahaia ondokoek osatuko dute: Xabier Txurruka alkateak; Turismo, Ekitaldi eta Jaietako zinegotzi Ixidor Larrañaga; Ekitaldi eta Jaietako koordinatzaile Isabel Lopezek eta Artezaleak taldeko kideetako batek. Guztira, hamabi sari banatuko dituzte. Lehenbiziko postuan sailkatzen denak 300 euro jasoko ditu, eta gainontzeko 11 sarituek, berriz, 150na euro.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide