1.925 igerilarik hartuko dute parte Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldian

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 28a

Zarautz Balea igeriketa taldeko presidente Iñigo Ugarte eta Kirol zinegotzi Iban San Martin (Aritz Mutiozabal).

Igandean jokatuko da proba, 12:00etan hasita. Aurretik, gaztetxoen txanda izango da, 10:30ean.

Uda sasoiko kirol ekitaldi klasikoa da Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Zarautz Balea igeriketa taldeak antolatuta, 46. aldiz jokatuko dute igande eguerdian, eta aurten ere parte hartze «arrakastatsua» izango duela jakitera eman du igeriketa taldeko presidente Iñigo Ugartek. Maiatzaren 9an ireki zuten izena emateko aukera, eta ordu eta 20 minutuan dortsal guztiak agortu ziren; itxaron zerrenda ere ordu erdian bete zen.

«Argi dago Espainiako Estatuko zeharkaldi garrantzitsuena dela, bai parte hartzeagatik bai antolakuntzagatik. Horrez gain, Europa mailan ere bere tokia du. Esan genezake lehenengo bost proben artean gaudela», adierazi du Ugartek. Urtez urte «hobetzen» eta «parte hartzaile kopurua igotzen» doan proba da. Aurten 1.925 igerilarik eman dute izena, iaz baino 125 gehiagok; eta horietatik 1.420 gizonezkoak dira, eta 505 emakumezkoak. Azken hamar urtetan %65 igo da gizonezkoen parte hartzea, eta %84 emakumezkoena.

Igerilarien erdia baino gehiago gipuzkoarrak izango dira, baina Euskal Herriko eta Espainiako hainbat tokitatik ere gerturatuko dira lehiatzera. Baita Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta Poloniatik ere. Faboritoen artean, azken urteetan itsas zeharkaldiko podiumera igo direnak aipatu ditu elkarteko presidenteak: emakumezkoetan, probako marka duen Irati Mendia, Maialen Saez eta Amaia Zendoia; eta gizonezkoetan, Alex Ojanguren, Haigor Aranguren, Iñaki Salaberria, Luis Goñi eta Adnan Mustafic.

Azken urteetan bezalaxe bost multzotan banatuta eta txandakatuta egingo dute irteera helduek, Getariako portutik, 12:00­etatik aurrera. Multzo bakoitzeko igerilariek kolore jakin bateko txapela eramango dute. Bestalde, igerilari egokituek bigarren multzoan aterako dira, baina laranja koloreko txapelarekin. Guztiek 2.850 metroko osatu beharko dute igerian, eta Zarauzko hondartzan helmugaratuko dira, Munoa azpian.


Gazteen proba

Aurretik, 10:30ean hasita, gaztetxoen igeriketa proba jokatuko dute. Gazte mailako 135 neskamutil inguru lehiatuko dira, eta buiekin zehaztutako triangelu itxurako ibilbidea osatu beharko dute, Munoan hasi eta bukatuz; guztira, 800 metro.

Kirolak garrantzia handia duela herrian adierazi du Kirol zinegotzi Iban San Martinek, eta udan antolatzen diren ekitaldiak ere horren «erakusle» direla, asteburu honetako itsas zeharkaldia kasu. «Milaka igerilari elkartzen ditu urtero, ikuskizun ederra eskainiz». Horrekin batera, Zarautz Balea igeri elkarteak egiten duen lana goraipatu eta eskertu du.

Txipa eta txapela jasotzeko

Probako txipa eta txapela ostiralean eta larunbatean hartu ahal izango dituzte parte hartzaileek, Aritzbatalde pilotalekuan. Igandean ez dute banatuko. Aurten, gauzak errazte aldera, 500 laguni etxera bidali dizkiete txipak eta txapelak. Urtero bezala, autobus zerbitzua jarriko dute Getariara, 20 minuturo; lehena 09:30ean aterako da eta azkena 11:30ean. Bestalde, aurten Zarautz Baleako 80 bat igerilarik osatuko dute zeharkaldia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide