Zineleku, zinema baino gehiago

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 21a

Jose Luis Rebordinosek Donostiako Zinemaldiari buruzko solasaldia eskainiko du hilaren 30ean (Nerea Lizarralde / Irutxuloko Hitza)

Ikus-entzunezko alorra modu kolektiboan lantzeko udalekuak izango dira, baita hitzaldi zein proiekzioak ere, puntako gonbidatuen eskutik; etzitik abuztuaren 1era da

Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek antolatutako Zineleku programa berriaren helburua ez da soilik gazteak ikus-entzunezko eta ekoizpen alorrean trebatzea. Harago doa: ikuspegi komunitarioa lantzea da asmoa, zinemarekin lotura estua duten diziplina askotariko prestakuntza eskainiz parte-hartzaileei. Horretarako, udaleku bereziak antolatu dituzte Zarautzen. 15-28 urte bitarteko 40 bat gazte Igerain aterpetxean bilduko dira hamar egunez, larunbat honetatik abuztuaren 1era, zehazki. Bertan, zinema lantegiak, profesional zinematografikoen eskola magistralak eta bestelako arte diziplinak landuko dituzte, kasu.

Kalaka Lab taldeak izen handiko profesionalak gonbidatu ditu irakasle modura, besteak beste, Joxe Mari Goenagak zinema zuzendaritzari buruzko tailerra eskainiko du; Kepa Sojok praktika eta teoria zinematografikoaren arteko diziplinartekotasunari buruzkoa; Maider Oleagak gidoiaren praktikaz; Juan Arrosagarayk errealizazioaren praktika eta sortze-prozesua; Garbiñe Ortegak zinemako programazioa eta komisariotza; eta Pere Ginardek ohiko eta esperimentaziozko animazioa. Horiez gain, Katixa Agirre, Idoia Zabaleta eta Jose Luis Rebordinos ere izango dira gonbidatu berezi gisa.


Aterpetxetik kanpo ere bai

Herritarrei zuzendutako askotariko ekitaldiak ere izango dira egunotan, udalekuez gain. Zineleku programak irauten duen bitartean eta jardunaldi bakoitzaren ondoren, hainbat proiekzio eta hitzaldi eskainiko dituzte diziplina anitzen inguruan, Modelo aretoan, Etxezabalan zein itsas pasealekuan atonduko duten pantaila handian. Larunbatean bertan izango da inaugurazio hitzaldia. Agirre berak irekiko du egitaraua, literatura eta zinemaren arteko harremanaz jardungo du lehenbiziko hitzordu horretan.

Hilaren 25ean, berriz, kultur azpiegitura alternatiboen inguruko solasaldia izango da kolektibo ezberdinen eskutik. Jose Luis Rebordinosek ere hartuko du parte, Donostiako Zinemaldiari buruzko saio batean.


Praktika, teoriaz gain

Uztailaren 25ean, Goenaga izango da gonbidatu berezia: taldekako autoretzari buruzko hitzaldia emango du, eta ondoren, hark eta Jon Garañok zuzendutako Loreak eskainiko dute.  Beste proiekzioen artean, Joao Nicolauren John From eta Ayotzinapa 26 film kolektiboa eskainiko dituzte. Horrekin batera, emanaldi nabarmenetariko bat Fermin Muguruzak New Orleanseko musikari buruzko Nola? dokumentala izango da. Horren ondoren eta zikloa bukatzeko, azken egunean Zinelekuko ikasleek landutako lanak emango dituzte. 

Erlazionatuak

Egitaraua: Zineleku

Zarauzko hitza 2016 uzt 21 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide