"Udaleko garbiketa zerbitzuak herriko kaleak behar bezala mantentzeko lan bikaina egiten du, eta udari begira jende gehiago izaten denez herrian, garbiketa areagotu dugu", jakinarazi du Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak. Hala, edukiontzi handiak maizago garbituko dituzte eta txikiak ere gehiagotan hustu. Asteburuetan biotopoko pasabidea eta Eguzki-Izarreko aparkalekua garbituko dituzte eta astelehen zein ostiraletan, berriz, biotopo ingurua, Montetxio eta pasabidea bera.
Era berean, udalak kamioi baldeadore berri bat erosi du, garbiketa indartzeko "beharrezkoa" dena. San Martinek azaldu duenez, udalak bazuen aurrez bideak, etxe atariak zein espaloiak uraren presioarekin garbitzen zituen makina baina hondatu egin zen. Beste zisterna-kamioi bat ere badu erakundeak, baina handiegia da zenbait lekuetan erabiltzeko. "Baldeadorea txikiagoa denez, malekoiko arkupeetan eta espaloi estuetan sar daiteke, kasu", adierazi du Zerbitzuetako zinegotziak. Mahuka jarriz, bankuetako zikinkeria modu egokian kentzen du eta tamaina ezberdineko barrak dituenez, behar ezberdinei erantzuten die.
Garbitasuna mantentzeko eskaera
San Martinek nabarmendu du oraindik ere "zoritxarrez" badela garbiketa errespetatzen ez duenik, eta horregatik, herritarrei zein bisitariei eskatu die hondakinak lurrera edo hondarretara ez botatzeko, zigarro puntak kasu. Horrekin batera, organikoaren poltsa edukiontzi marroiaren barruan uzteko eskatu du, kanpoan beharrean, eta kartoiak ontzi urdinera botatzeko.
Halaber, jabeei galdegin die euren maskoten gorotzak jasotzeko. Horrekin batera, gogoratu du tamaina handiko hondakinak asteazken iluntzetan atera behar direla, ostegun goizetan egiten dutelako bilketa. "Azken asteetan etxeetatik edozein egunetan ateratzen direla ohartu gara, eta ondorioz, hondakin horiek egunak egon daitezke edukiontzien ondoan jaso gabe", ohartarazi du.