Txopitea bekari esker, ‘20800’ proiektua onduko du Ione Saizarrek

Aritz Mutiozabal 2016ko uztailaren 15a

Goian, Mari Jose Aranzasti eta Ainize Txopitea; behean, Nekane Iribar eta Ione Saizar (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko egungo ikuspegi errealista eta, aldi berean, diferentea jaso nahi du argazkien bitartez. Aurten, inoiz baino proiektu gehiago aurkeztu dira lehiaketara; 14 lan, guztira

Zarauzko posta kodeari egiten dio erreferentzia IV. Daniel Txopitea Sorkuntza Bekaren proiektu irabazleak. 20800 izenburua darama, eta Ione Saizar argazkilari zarauztarrak aurkeztutako proposamena da. Bere asmoa litzateke sorterriaren memoria eta kontaketa fotografiko bat egitea hiru hilabeteko epean, eta ondoren ateratako argazkiak liburu batean argitara ematea.

Saizarrek urteak daramatza Ingalaterran bizitzen, eta han antzeko proiektu bat gauzatu zuen bere garaian, 2011ko abenduaren amaieran Photomuseumen erakusgai jarri zuena. Please, take all the bagage with you (Har ezazu zure ekipaje guztia, mesedez) izena zuen erakusketak, eta hura ere liburu batean jaso zuen. Proiektu hura eredutzat hartuta landuko du orain argazki lan berria.

Orduko hartan, Ingalaterrako herri ezberdinak deskubritzen joan zen, toki bakoitzean bizi den jendearen aniztasuna argazkitan jasoz. Hain justu ere, hori da Zarautzen egin nahi duena, 20800 proiektuarekin: egungo ikuspegi errealista eskaini nahi du, baina era berean desberdina, herriko pertsonen bitartez. Argitalpena herriko leku ezberdinetan jendearekin aterako erretratuez osatuko du, aurretik jende horiekin geratuta, eta, gero, kaleko irudiak ere jasoko ditu, modu esponateoago batean.

Zarauzko mapa bat hartu eta herriaren muga geografikoa zein den zehaztu nahi du lehenik eta behin. Jarraian, jendearekin harremanetan jarri eta haiekin elkartzen hasiko dela dio. Denetarik jaso nahi du argazkietan: herritarren irudiez gain, paisaiak, gauzak, espazioak... «Ingalaterrako proiektuaren aldean, bestelakoa izango da. Herria ezagutzen dut oraingo honetan, baina horrenbeste urte hemendik kanpo bizi ondoren, beste herri bat da gaur egun Zarautz, eta horrek piztu dit proiektu hau egiteko gogoa».

Sorlekuan hiru hilabetetako lan prozesu bat gauzatzeak ilusioa egiten diola aitortu du. Izan ere, «aspaldi utzi nuen zerbait aurkitzen saiatuko naiz: nire herria». Beraz, kalerik kale ibiliko da aurrerantzean, zer gertatzen den begira. Dagoeneko proiektuari heldu dio: badarama hamar bat egun lanean. «Beka jaso ala ez, egin nahi nuen proiektu bat da, eta aurrea hartu dut».

Bilduma batean argitaratuko duen argazki lana izango da 20800. Oraindik argitaletxeekin harremanetan jarri ez den arren, elkarlanean argitaratu nahiko lukeela jakitera eman du artistak. Liburuaz gain, erakusketa ere egingo du.


Emaitzarekin pozik

Herenegun arratsaldean jaso zuen 3.000 euroko beka artista zarauztarrak, Kultura zinegotzi Nekane Iribarren eskutik. Sanz Enea kultur etxean egin zuten ekitaldia, eta haiekin batera, Mari Jose Aranzasti eta Ainize Txopitea epaimahaikideek hartu zuten parte. Diziplina askotariko 14 proiektu jaso dituzte aurten. «Iaz baino dezente gehiago izan dira,  eta pozik gaude emaitzarekin», adierazi du Kultura zinegotziak.

Astelehenean elkartu zen epaimahaia —Ainize Txopitea, Jose Javier Fernandez, Maria Jose Aranzasti, Fernando Bernues, Fernando Llopis eta Nekane Iribarrek berak osatua—, eta lanak aztertu ondoren, aho batez erabaki zuten irabazlea. Aurkeztutako lanen maila handia izan dela nabarmendu zuen epaimahaiak. Aranzastiren hitzetan, «ilusioa eta zirrara eragin digute bekara aurkeztutako artisten kurrikulumek.

Gainera, aurkeztu dizkiguten proiektuen gehienak oso interesgarriak iruditu zaizkigu. Beraz, ez da erraza izan bakar bat aukeratzea». Aurkeztutako guztiei euren proiektuekin jarraitu dezaten animatu zituen, gainera.

Daniel Txopitearen alaba eta epaimahaikide Ainize Txopiteak  iradoki zuen bere aitari «asko gustatuko» litzaiokeela aurtengo proiektu saritua, «batez ere, duen izaera humanistagatik».  Izan ere, «uste dut Saizarrek hausnartzeko bide ematen duten hainbat espazio eta giza irudien errepresentazioa aurkezten dituela. Ohiko gaiak bere egunerokotasunetik kanpo aztertzeko, eta ikusten ez den horren magia jasotzeko».

Saria jasotzeaz «benetan harro» sentitzen dela adierazi zuen Saizarrek. «Daniel Txopitea ezagutzeko parada izan ez banuen ere, bere obra oso ongi ezagutzen dut. Beraz, hiru hilabeteko lan prozesu honen barruan beregatik zerbait egin dezakedan sentipena dut. Argazki liburu bat onduko dut, eta artista nahiz pertsona bezala berarekin dudan zorra kitatzeko modu bat izango da».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide