Urola Kostako EH Bildu: "EAJ—PSE-EEk errauste plantaren eragin ekonomikoa ezkutatu nahi du"

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 14a

Haien arabera, txosten ekonomiko-juridikoa eskatu dute Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza batzordean eta EAJ-PSE-EEk "herritarrei informazioa ukatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du".

Errauste plantak eskualdean ekonomikoki izango duen eraginak asko kezkatzen duela dio Urola Kostako EH Bilduk, "finkatu beharko diren tasetan azpiegitura honen ordainketa jaso beharko delako". Urola Kostako Udal Elkartea Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko kidea da eta bertan hartutako erabakiek eragin zuzena dute herritarrengan. EAJ eta PSE-EE Eragin hori ezkutatzen ari direla salatu du eskualdeko koalizioak, eta galdetu dute ea nola ordaindu behar duten Urola Kostako herritarrok Zubietan egin nahi duten errauste plantak 1.200 milioi eurotik gorako kostua. "Zein igoera izango du gure tasetan?", galdetu dute.

Urola Kostako EH Bilduk UKUEko Zuzendaritza batzordean eskatu du txosten konomiko-juridikoa: "Eskualdeko herritarrek garbi izan behar dute hurrengo 35 urtetan zein zulo ekonomikotan sartu nahi gaituzten, eta hondakinak kudeatu eta tratatzeko beste aukera batzuk aztertzeko bideak jorratu behar lirateke". Zuzendaritzan gehiengoa du EAJ-PSE-EEk eta hori "inongo txostenik egiteko aukera" ukatu egin duela salatu du EH Bilduk. Hori "erantzun bentan larria" da haren arabera, "edozein agintarik halako neurriko erabaki baten aurrean beharrezkoak diren txosten guztiak izan behar bailituzke norabide bat hartu aurretik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide