«Porrot ukitua eleberri osoan mantendu dut; hori da gai nagusia»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko uztailaren 14a

Lucia Baskaran idazlea.

Lucia Baskaran idazle zarauztarrarentzat erronka pertsonala izan da ‘Partir’ idaztea. Nerabazaroaren ondorengo inozentziarekin bukatu eta mundua deskubritu nahi duten gazteei buruzko eleberria da.

Partir hitzak gaztelaniaz esanahi asko ditu. Zeri egiten dio erreferentzia kasu honetan?
Izenburu hori jarri diot eleberriari esanahi bikoitza duelako. Haustura batean oinarritzen da, haustura hori ez da soilik sentimentala; aurreikuspen batzuei egiten die erreferentzia, errealitatetik oso urrun dauden aurreikuspen batzuei. 
 
Heldu bilakatzeari buruzko eleberria da Partir. Protagonistak espero bezalakoa ez den munduari aurre egin beharko dio.

Protagonista, Victoria, 17 urterekin Madrilera joangoa da, krisi existentzial garrantzitsua du... Esperientzia errealetan oinarritutako fikzioa al da Partir? Hala fikzio kutsuko autobiografia da?
Autofikzioa da, hau da, esperientzia propiotan oinarrituta dago, baina aldi berean, fikzioz bete dut erabat.
Bere bikotekidearekin duen harremana eta haustura, interpretazio eskolan bizi dituen esperientziak...

Porrot zantzua dute bizipen guztiek. Zergatik eman nahi izan diozu ukitu hori?
Eleberri osoan zehar mantendu dut porrot ukitua; hori da liburuaren gai nagusia. Horregatik ahal izan dudan guztietan umorea sartzen saiatu naiz, apur bat arintzeko.

Umorea eta gordintasuna erabiltzen dituzu eleberrian. Hori al da zeure estiloa?
Baietz esango nuke.

Feminismoak pisu handia du liburuan eta sexua oso presente dago. Bereziki, emakumezkoen sexualitatea. Zergatik?
Egia esan, idazten ari nintzenean ez nintzen jarri pentsatzen, soilik niretzat garrantzitsuak diren eta interesa pizten didaten gaiez idatzi nuen.  Emakumezkoen sexualitatea bera ez da tabua, baina egungo sisteman emakumezkoen sexualitateak kontsumo patriarkalerako denean soilik pizten du interesa.

Bortxaketaren pasadizoa da liburuko pasarterik gogorrenetariko bat. Baina Victoriaren lagun batek garrantzia kendu nahi izaten dio. Zer eragin nahi izan duzu horrekin?
Nire ustez, garrantzitsua da bortxaketaren kultura ikusaraztea. Egungo sistema heteropatriarkalak garrantzia kentzen dio bortxaketei eta biktimak kulpabilizatzen ditu, euren janzteko, hitz egiteko edota begiratzeko duten eragatik, besteak beste.

Gainera, egun badago bortxaketen inguruko sinesmen bat oso arriskutsua iruditzen zaidana: ilunpetan, pertsona ezezagun batek eraginda... Kontuan izan behar da bortxaketa gehienak biktimaren gertuko zirkuluetan ematen direla.

Nahiz eta kasu horiek izan ohikoenak, gehienetan ez dira erakusten, batetik ez direlako ezta bortxaketatzat hartzen, eta bestetik, biktimak batzuetan errudun sentitzen direlako edota lotsa ematen dielako.

Amelie Nothomb eta Sylvia Plathekin alderatu zaituzte. Zer edo nor da zure inspirazio iturria?
Asko gustatzen zait Henry Miller, Virginie Despentes, Chuch Palahniuk, Ben Brooks, Zadie Smith eta Caitlin Moranen idazteko modua. Egia esan, umorea, gordintasuna eta malaletxea-rekin idatzitako orok inspiratzen nau.

Zergatik erabaki zenuen eleberri bat idaztea?
Erronka pertsonal bat izan zen. Betidanik amestu izan dut eleberri bat idaztearekin. Egun batean eleberri baterako hasiera ona izan zitekeen zerbait gertatu zitzaidan. Orduan pentsatu nuen pausoa eman eta jarraitzea.

Nolakoa izan da prozesua?
Asko gozatu dut, baina ez da batere erraza izan. Egunean gutxienez mila hitz idazteko erronka jarri nion neure buruari, eta jakina, egun batzuetan bestetan baino inspirazio handiagoa izaten da. Ez gogogabetetzea da sekretua, eta, nahiz eta egun txarrak izan, jarraitzea.

Partir zure lehenbiziko eleberria da, baina ez azkenengoa. Beste bat ari zara lantzen.
Bai, eleberri honen jarraipena ari naiz idazten, eta baita bestelako lan batzuk ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide