Urteroko zita egitarau oparoarekin hasiko da. Torre Luzeako parkean egiten den bertso musikatuen emanaldian gai desberdinak jorratzeko bertso sorta bat prestatu dute, Imanol Etxeberria perkusioan, Xabier Etxeberria gitarran eta Iñigo Mantzizidor, Mantxi armonikarekin lagun direla. Aurten, bertsoez gain, "sorpresa" bat ere egongo dela jakinarazi du Motxianeko kide den Mantxik.
Emanaldiaren amaieran, Eonaixilik lehiaketako sari-banaketa izango da. Azken hilabeteetan txosnetan nahiz tabernetan kutxa berdeak jarri dituzte nahi orok bertsoak idatzi eta bertara botaz lehiaketan parte hartzeko.
Ostiralean ere badago zer gozatu: arratsaldean, frontoi txikian, II. Bertso Pelota Desapiyua egingo dute eta gauean, berriz, bertsolari gazteen emanaldia, Torre Luzeako parkean. Bertsolariak honako hauek izango dira: Urko Arregi, Gontzal Belategi, Libe Goenaga, Andoni Mujika, Beñat Mujika eta Ane Peñagarikano.
Bertso Astea "jende aurrean ekitaldi desberdinak eginez ondo pasatzeko modu bat" dela azaldu dute. Lagunartean kantatzen duten "sasi-bertsolariek" lotsak alde batera utzi eta jendaurrean kantatzera animatu nahi dituzte larunbat eguerdian tabernaz taberna egingo den Txepelketa saioarekin. Bina partehartzailek hartzen dute parte buruz buruko libreko saioetan. Ez dituzte potoak eta horrelakoak kontuan izaten, jendeari irribarrea eragin eta ondo pasatzea da helburu garrantzitsuena. Jarraian, Egoki tabernan bazkaria eta final handia ospatuko dute.
Egitaraua
Uztailak 14, osteguna
22:00etan, Bertso musikatuen emanaldia, Torre Luzeako parkean.
Ondoren, Eonaixilik lehiaketako sari-banaketa.
Uztailak 15, ostirala
19:00etan, II. Bertso-pelota desapiyua Fontoi txikian.
22:00etan, Bertsolari gazteen emanaldia, Torre Luzeako parkean.
Uztailak 16, larunbata, Bertso-eguna
10:30ean, Modelo aurrean hamaiketakoa.
12:00etan, tabernaz taberna, Txepelketa.
15:00etan, bazkaria eta final handia Egoki tabernan.