Eusko Tren Ligan sailkatzeko bigarren eta azken proba jokatu dute gaur eguerdian, Donostiako V. Eusko Label Banderako estropadan, eta Getaria-Zarautz traineruak ezin izan du balentria lortu.
Gaurkoa ere erlojupeko proba izan da, eta lehen lau sailkatuak atzoko Orioko estropadako berak izan dira, atzoko hurrenkera berean, gainera: San Juan izan da nagusi, eta haren atzetik geratu dira Hibaika, Orio eta Cabo. Ondorioz, hiru horiek lortu dute aurtengo ligan lehiatzeko txartela; San Juanek bermatuta zuen postua, iazko txapelduna zelako. Beraz,
Getaria-Zarautz seigarren postuan sailkatu da gaurkoan. Atzo Caboren atzetik geratu ziren bosgarren postuan, Orioko estropadan –Eusko Tren Ligarako lehen sailkatze proban–, eta gaur postu bat atzerago bukatu dute, Arraun Lagunak traineruaren atzetik. Aurtengo helburuetako bat zuten ligarako sailkatzea, baina ezin izan dute lortu.