EAJ eta PSE-EEren Udal Gobernuaren agintaldiak urtebete egin dituenean, "oposizio arduratsua" egiten saiatu direla adierazi du EH Bildu alderdiak, eta bide horretan jarraitzeko asmoa dutela. Koalizioko bozeramaile Mikel Goenagaren esanetan, "zerbaitekin desadostasunak izan ditugunean, gure proposamenak mahai gainean jarri ditugu, eta Udal Gobernuari elkarlanerako eskua luzatu diogu". Adibide gisa, udal aurrekontuak adosteko orduan koalizioak eginiko ekarpenak aipatu ditu, baita bizikidetza arloan erakutsi duen elkarlanerako jarrera ere, "batzuk behin eta berriro boikoteatzen saiatu arren" .
Oposizioan egon arren, "jarrera aktiboa" izaten ari dela nabamendu du Goenagak. Alde batetik, herriko eragileekin eta udal langileekin harremanetan ari dira, "euren lana eta ikuspuntua ezagutu eta ondoren batzordeetara bideratzeko". Bestetik, euren ekimenez hainbat adierazpen instituzional aho batez onartu direla azaldu du. Horrez gain, "mozioak ere aurkeztu ditugu eta Irabazi Zarautz udal taldearekin ezkerreko politiketan adostasunetara iritsi gara".
"Hasieratik gehiegikeriaz"
Udal Gobernuari dagokionez, EAJren eta PSE-EEren artean eginiko ituna "hasieratik gehiegikeriaz" erabiltzen dutela dio EH Bilduko kide Naiara Carvajalek: "Egunez egun ikusi ahal izan dugu egiten diren ekarpenak atzera botatzen dituztela itunak ematen dien gehiengo absolutuan babestuta". Ituna tarteko, gai jakin batzuetan EAJ "eskuak loturik" ikusi dute, bake eta bizikidetzako lan eremua nabarmanduz. EH Bilduk argi du: "Itun hau egon ez balitz, Zarautzen beste abiada eta norabide batean joango ginatekela gaur egun".
Udal Gobernuak sustatutako parte hatzea "hutsaren hurrengoa" izan dela diote: "Horren adibiderik onenak aurrekontuen eta TAO sistemaren inguruan eman behar ziren partehartze prozesuak izan dira, bietan ere, herritarren partehartzea sustatzeko denbora, baliabide eta bitarteko gutxi inbertituz". Horrez gain, herriko eragile eta elkarteen lana "oztopatu" eta "gatazkak" izan dituztela azpimarratu dute, "euren eskakizun batzuei muzin egin eta Gobernuaren irizpidea ezarri nahi izan dietelako".
Agintaldiko lehen urtea aurreko Udal Gobernuak (EH Bildu) abiatutako egitasmoak gauzatzen pasa dutela zehaztu nahi izan du koalizioko kide Ane Arrutik. Adibide modura, honako hauek aipatu ditu: Herritarren Arreta Zerbitzua, udal langileen balorazioa, Astiko aldagelak, igerilekuen konponketa, Santa Klarako proiektua eta Itxasmendiko biribilgunea. "Kuriosoa da proiektuak gustatu zaizkionean bereak bezala saldu dituela eta, bestela, EH Bilduren kontra egiteko erabili dituela".
EH Bilduren iritziz, EAJ "nahi dituztenak eta bi egiten" ari da, "horretarako legeak, ordenantzak, baimenak eta udal baliabideak nahieran erabiliz". Oposizioari ez ezik, zenbait erabaki hartzerako garaian "udal langileei ere entzungor " egin diela dio Arrutik, Manzisidor kaleko norabide aldaketak eta TAO sistema adibidetzat jarrita. Era berean, "atzera bueltarik ez luketen proiektuekin ere arduragabekeriz jokatu dute", Talaimendiren magalean eraiki nahi den surf zentroari erreferentzia eginez.
Udal Gobernuaren gastu politikoa %64 igo dutela adierazi du koalizioak, eta "guztia finantzatzeko
eskuinerako pauso garbia eman dute ordenantza fiskalen bitartez: gehien duenari presio fiskala jaitsi
eta zarauztar guztioi igo, oinarrizko zergak guztioi igoz". Bestalde, Santa Ana fundazioarekin sinatutako hitzarmena ere gogora ekarri dute: "Lokalak jabetzan eskaini dituzte, eta pribatizazioa bultzatu".
"Norabide aldaketa"
Aurrera begira, EH Bilduk "180 graduko norabide aldaketa" emateko eskatu dio Udal Gobernuari: "Herritar guztientzat goberna dezala eta lanean ari diren elkarte, talde eta eragileei oztopoak jarri ordez, baliabide eta bitartekoak eskaini ditzala". Baita "oposizioarekiko errespetua" izan dezala ere. EH Bilduko kide Karmele Alberdik adierazi duenez, "norabidea aldatu eta gehiengo absolutu horren kudeaketa hobea egiteko eskatuko genieke EAJ eta PSE alderdiei, oposizioari entzun, ekarpenak egiteko bideak erraztu eta akordiotara iristeko borondatea azalduz".
Era berean, "herritarrei eskatzen zaien bezala, prozedura bakoitzeko pauso guztiak bete ditzatela
eskatzen diegu, inprobisatzeari utzi, beharrezko diren baimen eta txostenak errespetatu, udal
langileen iritziari kasu egin eta legeak behar bezala betez".